Des-kontrol eta Arkada Social taldeek agur esango diete agertokiei, Aske eta 40 Minutu Rock jaialdietan azken kontzertuak eskaini ostean

Arrasateko bi taldeek etenaldia iragarri dute, eta eszenatokiei agur esango diete datozen hilabeteetan eskainiko dituzten azken bi kontzertu bereziekin. Abenduaren 26an Atarrabian egingo den Aske jaialdian eta otsailaren 20an Durangoko 40 Minutu Rock jaialdian izango dira hitzorduak.

Urte luzez Euskal Herriko eszena musikalaren parte izan ondoren, Des-kontrol eta Arkada Social taldeek etenaldi baten aurretik bi kontzertu berezi eskainiko dituzte, eta horretarako Aske eta 40 Minutu Rock jaialdiak aukeratu dituzte.

Hala, urteotan erakutsitako konpromiso politikoa eta elkartasuna berretsi nahi dituzte abenduaren 26an Atarrabian eta otsailaren 20an Durangon egingo diren jaialdietan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, “jaialdiko kideok oso eskertuta gaude gure jaialdiak hautatu izanagatik eskertza keinu eta ospakizun honetarako”. Haien esanetan, gero eta komertzialagoa eta merkantilizatuagoa den musika panoraman, balio berezia du kultura eta musika herritik eta auzolanean eraikitako jaialdien aldeko apustua egiteak.

Musikatik harago

Era berean, antolatzaileek nabarmendu dute Des-kontrol eta Arkada Social bezalako taldeek egiten dituzten keinu publiko eta politikoek garrantzi handia dutela. Musikatik harago, elkartasuna, konpromisoa eta herriaren askatasunaren aldeko aldarriak zabaltzeko erreferente izan direla azpimarratu dute, preso, iheslari eta deportatuekiko elkartasuna adierazten jarraituz eta azkena etxeratu arteko aldarria bizirik mantenduz.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Euskal Herri aske baten aldeko iruditeria eta praktikak eraikitzeko espazioak dira Aske eta 40 Minutu Rock bezalako ekimenak. Musika, auzolana eta komunitatea uztartuz, bestelako Euskal Herri baten aldeko esperientziak sortzea dute helburu, eta bide horretan Des-kontrol eta Arkada Socialen ibilbidea eredugarritzat jo dute.

Bideaz harro, laster arte! lelopean iragarri dituzte bi taldeek azken kontzertuok. Sarrerak ekainaren 26an, ostirala, goizeko 10:00etan jarriko dira salgai, eta informazioa jaialdien webguneetan eta sare sozialetan izango da eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna