Uztailaren 22tik 26ra bitartean, jazzaren nazioarteko erreferente handiak eta euskal musikariak elkartuko ditu hiriko 12 agertokitan, guztira 77 kontzerturekin. Edizio honetan, gainera, David Murray, Joe Lovano eta Miguel Martin sarituko dituzte.
Donostia berriz ere jazzaren munduko topagune nagusietako bat izango da uztailaren 22tik 26ra. Aurtengo Jazzaldiaren programazioak 77 kontzertu bilduko ditu hiriko 12 agertokitan, eta horietatik 47 doakoak izango dira. Jaialdiak nazioarteko izen handiak, Europako jazz garaikideko erreferenteak, proposamen berriak eta euskal musikarien presentzia zabala jasoko ditu.
Kartelburu nagusien artean izango dira Pat Metheny, Diana Krall, Marcus Miller, Joe Lovano, David Murray, Charles Tolliver, Carmen Lundy, Cecile McLorin Salvant, Samara Joy, Marc Ribot, Julian Lage, Mike Stern, Azar Lawrence, Louis Sclavis, Erik Truffaz eta Nils Petter Molvaer, besteak beste.
Euskal musika
Jazzaldiak tokiko sorkuntzaren aldeko apustua berretsi du aurten ere. Guztira 30 euskal artista eta taldek parte hartuko dute programazioan, jazzaren zein beste musika estilo batzuen ordezkari gisa.
Tokiko Taldeak deialdiaren bidez hautatutako proiektuek parte hartuko dute jaialdian: Bea Asurmendi, Mane, La Ola Maldita, Four Clovers, Erromintxelak, Inar Sastre, White Carters, Malaka, Itziar Mendibil eta Tremendo Pikete.
Horiez gain, ETS, Kokoshca, Nogen eta Hofe Keler Gunean ariko dira; Noa Lur JazzEñe programaren barruan izango da, eta Thalatha zein Yko Project Kursaaleko terrazetan. Nauticool gunean, berriz, 15 euskal DJk jarriko dute musika.
Jazzaldiaren programazioa osatzeko, Txikijazzek bere 14. edizioa ospatuko du aurten, familiei eta haurrei zuzendutako lau proposamenekin. Programazio osoaren xehetasunak ekainaren 26an emango dituzte ezagutzera.
Aurten jazzaren historiako bi figura handiren jaiotzaren mendeurrena betetzen da: Miles Davisena eta John Coltranerena. Horren harira, Trinitate plazan lau kontzertu berezi programatu dituzte.
Davisen omenez ariko dira Marcus Miller eta Erik Truffaz-Antonio Lizana proiektua; Coltraneren ondarea gogoratuko dute, berriz, Azar Lawrence Quartetek eta Charles Tolliverrek.
Hiru Sari
Edizio honetan, hiru Jazzaldi Sari banatuko dira. Sarituetako bi jazz garaikideko erreferente nagusiak dira: David Murray eta Joe Lovano.
Horiekin batera, Miguel Martin omenduko dute. 1984tik 2026ra Jazzaldiaren zuzendari izan denak funtsezko ekarpena egin du jaialdia nazioarteko erreferente bihurtzeko. 1978an sartu zen antolakuntza taldean eta hamarkadetan zehar Donostiako kultur panoramako figura garrantzitsuenetako bat izan da.
Doako kontzertuak
Doako programazioak ere protagonismo handia izango du Frigo Gunean, Fnac Gunean eta Keler Gunean. Bertan ariko dira, besteak beste, Lisa Ono, Annie & The Caldwells, Marco Mezquida, Boskote Astor Piazzolla, The International Classic Jazz Allstars, Amphitrio, LP, Danielle Nicole edo Ibibio Sound Machine.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, sarreren salmentak erritmo onean doaz. Jakinarazi dutenez, 11.000 sarrera baino gehiago saldu dira jada.