JAI Jardun Artistikoen Institutuaren zazpigarren edizioa abian da

Arte garaikidearen ikerketa, ekoizpena eta pentsamendu kritikoa sustatzea du helburu programak, eta aurten 16 parte-hartzailek hartuko dute parte bi hilabeteko prestakuntza-egonaldian.

Donostiako Tabakalerak eta Gasteizko Artium Museoak antolatutako JAI, Jardun Artistikoen Institutuaren zazpigarren edizioa martxan da dagoeneko. 2022tik Oteiza Museoaren lankidetza ere baduen programak arte garaikidearen esparruan ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu, prestakuntza-prozesuan dauden artistak eta nazioarteko profesionalak elkartzeko eta ezagutzaren transmisioa indartzeko gune gisa.

Aurtengo edizioan hautatutako 16 parte-hartzaileak Gasteizko Artium Museoan hasi dira ikasketa-programarekin, eta datozen bi hilabeteetan hainbat egoitzatan garatuko dute prestakuntza. Uztailaren amaieran egonaldia egingo dute Altzuzako Oteiza Museoan, eta abuztuaren 3tik aurrera Tabakaleran jarraituko dute lanean, abuztuaren amaierara arte.

Praktika artistikoa

Programaren muina praktika artistikoa da, eta lantegietan, elkarlaneko espazioetan eta esperientzia partekatuan oinarritutako metodologia darabil. Helburua ez da soilik ezagutza teorikoa eskaintzea, baizik eta artista gazteen eta nazioarteko sortzaileen arteko trukea eta sormen-prozesuak sustatzea, ikerketa eta ekoizpena ardatz hartuta.

Aurtengo irakasleen artean izango dira Mariana Castillo Deball, Louidgi Beltrame, Nora Aurrekoetxea, Maddi Barber, Debris Stevenson eta Carla Filipe artistak. Tutoretza-lanak, berriz, Alejandro Cesarco, Itziar Okariz eta Ibon Aranberrik gidatuko dituzte. Irakasle guztiak programa sustatzen duten erakundeen erakusketa eta jarduera publikoekin lotuta daude.

JAI ikasketa-programak arte-jardueraren inguruko hausnarketa eta elkarrizketa sustatzeko baliabide izan nahi du, eta praktika artistikoaren bidez ezagutzaren transmisioan sakontzea du xede. Horregatik, ikastaroaren dinamika artista bakoitzaren lan-metodologiara eta sormen-prozesuetara egokitzen da, teoria hutsa baino gehiago esperientzia praktikoa lehenetsiz.

Zazpigarren deialdira baldintza teknikoak betetzen zituzten 45 hautagai aurkeztu ziren. Horien artean, ikasketa-batzordeak 16 aukeratu ditu, aurkeztutako proiektuen interesa, kalitatea eta programaren helburuekin zuten egokitasuna kontuan hartuta. Hautaketa-prozesuan parekotasun-irizpideak ere aplikatu dira, eta jatorri geografiko, belaunaldi eta diziplina artistiko askotako parte-hartzailez osatutako taldea eratu da. Horrez gain, batzordeak sei laguni matrikula- eta mantenu-bekak ematea ere erabaki du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna