Harrobi Dantza Bertikalaren 'Geure(r)a' ikuskizuna

Euskal Herria izango da lehen aldiz Cratère Surfaces jaialdiko ohorezko gonbidatua

Deialdi publiko bidez hautatutako zazpi euskal konpainia izango dira Focus Basque programako protagonista.

Uztailaren 2tik 4ra egingo da Frantziako Alès hirian Cratère Surfaces kaleko arteen nazioarteko jaialdiaren 27. edizioa, eta aurten, lehen aldiz, Euskal Herria izango da ekitaldiko ohorezko gonbidatua. Horren harira, Focus Basque programa antolatu dute Etxepare Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzak, Artekalek eta Cratère Surfaces jaialdiak elkarlanean, euskal arte eszenikoei nazioarteko erakusleiho nabarmena eskaintzeko.

Le Cratère – Scène nationale d’Alès erakundeak antolatzen duen jaialdia Europako kaleko arteen hitzordu garrantzitsuenetako bat da. Urtero 23.000 ikusle inguru eta nazioarteko ehunka profesional biltzen ditu, eta aurten programatutako 18 ikuskizunetatik zortzi Focus Basque programaren barruan eskainiko dira, euskal konpainien lanekin.

Deialdi publiko bidez hautatutako zazpi euskal konpainia izango dira Focus Basque-eko protagonista: Rouge Elea (Lurruna), Bilaka Kolektiboa (Dirau eta Bilabal), Harrobi Dantza Bertikala (Geure(r)a), Deabru Beltzak (Su Talka), Osa+Mujika (Tupper), Led Silhouette (Los Perros) eta Markeliñe (Andante). Horiez gain, Bilaka Kolektiboak euskal dantza ezagutzeko bi tailer eskainiko ditu uztailaren 2an eta 4an, eta azken egunean publikoari irekitako dantzaldia egingo da.

Focus Basque egitasmoa Etxepare Euskal Institutuaren Ça colle au basque programaren barruan kokatzen da. Ekimen horren bidez, Frankofoniaren eremuan euskara eta euskal kultura sustatzea da helburua, eta, aldi berean, euskal sortzaileei nazioarteko zirkuituetan presentzia handiagoa ematea.

Programazio artistikoarekin batera, jarduera profesional ugari ere antolatu dituzte Basque. Performing Arts. nazioartekotze markaren barruan. Horien artean nabarmentzen da Outdoor Lab programa, nazioarteko ibilbidea hasi nahi duten kaleko arteen sortzaileei zuzendua. Deialdi ireki baten bidez hautatutako lau euskal proiektuk parte hartuko dute bertan: Piszifaktoria, DAB Dantza Taldea, Komerobi Produkzioak eta Dance&Music Creation. Uztailaren 1etik 4ra prestakuntza-saioetan eta topaketa profesionaletan parte hartuko dute, eta beren proiektuak nazioarteko programatzaileei aurkeztuko dizkiete.

Bestalde, programazio ofizialean parte hartuko duten bost euskal konpainiek —Deabru Beltzak, Osa+Mujika, Led Silhouette, Harrobi Dantza Bertikala eta Markeliñe— pitching saio batean aurkeztuko dituzte etorkizuneko sorkuntza-proiektuak nazioarteko programatzaileen aurrean. Jarduera profesionalak uztailaren 4an amaituko dira networking topaketa batekin, euskal produktuekin osatutako koktel baten bueltan, sortzaileen, programatzaileen eta arte eszenikoetako profesionalen arteko harremanak sendotzeko eta nazioarteko lankidetza berriak sustatzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna