Abuztuaren 23tik 30era bitartean, Bizikidetasun Plaza eta Doña Casilda parkeko Pergola kaleko arteen agertoki bihurtuko dira berriro. Guztira 15 konpainia izango dira, tartean lau euskal talde.
Kaleko antzerkia eta kaleko arteak izango dira berriro Bilboko Aste Nagusiko kultur programazioaren osagai nagusietako bat. Abuztuaren 23tik 30era, Bilboko Udalak doako 23 ikuskizun eskainiko ditu Bizikidetasun Plazan eta Doña Casilda parkeko Pergolan. Guztira 15 konpainia izango dira: lau Euskal Herrikoak.
Programazioak zirku garaikidea, antzerki bisuala, clowna, magia, akrobaziak eta inprobisazioa uztartuko ditu. Antolatzaileen esanetan, umorea, emozioa eta publikoaren parte-hartzea ardatz dituzten ikuskizunen bidez, egunerokotasuna, bizikidetza, aniztasuna, teknologia edo norberaren eraldaketa bezalako gaiak landuko dira, kaleko arteek espazio publikoa topagune eta kultur gozamen partekaturako gune bihurtzeko duten gaitasuna erakutsiz.
Cia Trotamundos euskal konpainiak emango dio hasiera jaialdiari, Finito-Infinito ikuskizunarekin, abuztuaren 23an Bizikidetasun Plazan. Lehen jardunaldian bertan izango dira, halaber, Bot Project konpainiaren Collage 2024 eta Al Tran Tran taldearen Los trovadores urbanos ikuskizunak.
Hurrengo egunetan Txema Muñoz, Pere Hosta, Nacho Flores, Colectivo Mur, Cia Capicua, Trio Wise Fools, Flying Pikmis, Kiai eta Tomate Clown artisten eta konpainien lanak ikusi ahal izango dira.
Euskal Herriko konpainien artean, Ameztu Antzerkiak Kay Robot txotxongilo-komedia aurkeztuko du abuztuaren 26an; Tutik Clowns konpainiak Ekilikua ikuskizuna eskainiko du abuztuaren 28an, bere 30. urteurrena ospatzeko; eta Orain Bi bilbotar konpainia Mute lanarekin itzuliko da Aste Nagusira abuztuaren 29an. Ikuskizun horrek 2022ko Leioako Umore Azokan Ikuskizun Onenaren Saria jaso zuen.
Emanaldiak egunero izango dira: Bizikidetasun Plazan 12:30ean eta 21:15ean (abuztuaren 30ean goizeko saioa baino ez da egingo), eta Pergolan 19:30ean, haur eta familiei zuzendutako ikuskizunekin.