(argazkia: Hernaniko Udala)

Uda Parkean jaialdiak hiru eguneko kultur eta aisialdi eskaintza zabalarekin beteko du Hernaniko Ave Maria parkea

Uztailaren 23tik 25era bitartean egingo da, eta kultura, musika, zirkua, dantza, jarduera fisikoa eta haurrentzako zein helduentzako proposamenak uztartuko ditu egitarauak.

Hernanik uda giroan murgiltzeko hitzordu nagusietako bat izango du berriro ere uztailaren 23tik 25era. Uda Parkean jaialdiak Ave Maria parkea herriko aisialdi eta kultur jardueren erdigune bihurtuko du hiru egunez, adin guztietarako egitarau zabalarekin. Hernaniko Udaleko Kultura, Jarduera Fisiko eta Kirola eta Haur, Nerabe eta Gazteria sailek elkarlanean antolatu dute ekimena.

Aitor Huizi Kultura zinegotziaren hitzetan, “parkeaz gozatzeko eskaintza da, udan ere herritarrentzako aisialdi eskaintza egon dadin”. Gainera, jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat aniztasuna dela nabarmendu du: “adin aldetik eta diziplinei dagokionez, baita eskaintzaren ordutegiaren aldetik ere, hiru egunez parkeaz modu ezberdinetan gozatu ahal izateko”.

Hala, kultur eskaintzak askotariko diziplinak bilduko ditu aurten ere. Txikienentzat Cris Clown kataluniarraren Home ikuskizuna izango da; bertso saio musikatuan Eli Pagolak Amaia Agirreri erantzungo dio, Maialen Akizu eta Maddi Aiestaranekin batera; Zirkozaurre konpainiak Ardatza zirku ikuskizuna eskainiko du; Haatik konpainiak Ioi dantza lana taularatuko du; eta Duck’to konpainia kataluniarrak A rienda suelta akrobazia ikuskizuna eramango du hernaniko parkera.

Musikak ere protagonismo berezia izango du. Azken egunean Gailur taldeak joko du lehenik, eta ondoren Izaki Gardenak taldeak emango dio amaiera jaialdiari.

Aurtengo berrikuntzetako bat gazteei zuzendutako eskaintza indartzea izango da. Horren harira, uztailaren 24koa musika gau berezia izango da, Zilibito Records kolektiboaren eta Hernaniko Sutargi erromeria taldearen emanaldiekin. Oritz Barrenetxea eta Hodei Elola Sutargiko kideek aurreratu dutenez, “herriko lagun musikari, bertsolari eta sortzaileak gonbidatu ditugu gurekin oholtzara”.

Bestalde, jaialdiak jarduera fisikoaren aldeko apustua ere egingo du. Goizero 65 urtetik gorakoentzako gorputza aktibatzeko saioak izango dira espazio naturalean, eta haurrentzat ere egunero antolatuko dira jolasak, oztopo-zirkuituak eta Urumeako biodibertsitatea ezagutzeko tailerrak.

Jaialdiak, gainera, parkean egun osoa igarotzeko aukera eskainiko du. Iluntzero bertan afaltzeko aukera izango da, etxetik eramandako janariarekin edo food truck gunean eskainiko diren proposamenekin.

Huizik nabarmendu duenez, “Uda Parkean ari da bere tokitxoa egiten Hernaniko aisialdi eskaintzan. Jaialdi honi esker Ave Mariak sortzen den giroa izugarri berezia izaten da”. Horregatik, herritarrak eta inguruko herrietako bisitariak “parkeaz gozatzera” gonbidatu ditu, uda erdian kulturaz, musikaz eta aisialdiaz aire librean gozatzeko aukera baliatzera.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna