Iazko edizioa (argazkiak: Kultur Sharea)

Donostiako Gladys Enea parkea musikaz beteko da abuztuaren 2an, Glad is the Day jaialdiarekin

Jaialdiaren hamargarren edizioan kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 12:00etan hasi eta 21:00etan amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.

Glad is the Day jaialdia abuztuaren 2an itzuliko da Donostiara. Donostia Kulturaren kultur etxeek antolatuta, Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik koordinatzen duten ekimenak Gladys Enea parkea musikaz, kulturaz eta aisialdiaz beteko du beste urte batez, doako egitarau zabalarekin.

Goizeko 12:00etatik arratsaldeko 21:00etara, etenik gabeko bederatzi orduko musika izango da jaialdiaren ardatza. Guztira, 15 talde eta artistek parte hartuko dute, askotariko estiloak eta nortasun artistiko propioak uztartzen dituen kartel batean.

Agertoki Nagusian izango dira Ruïnosa y las Strippers de Rahola, Sonido Gallo Negro, Perfecto Miserable, Maruxak, The Safety Pins, Geminis eta LUP talde donostiarra. Programazioak subnopunketik psikodelia tropikalera, noise popetik rock alternatibora edo euskal folklorearen berrirakurketa queer eta komunitariora arteko proposamenak bilduko ditu.

Bestalde, Hondamen Sonikoa agertokiak elektronika eta club kulturaren aldeko apustua egingo du beste behin. Bertan ariko dira Adur, Lechuga Zafiro, Somadamantina, Space Surimi, Telmo Trenor, Amaia Yaniz, Baetchu eta Siano B2B Melina, technoa, hip hopa, trapa, rave-punka eta erritmo latinoamerikarrak uztartzen dituzten saioekin.

Musikaz gain, jaialdiak ohiko osagaiak ere izango ditu: piknikerako guneak, DJ saioak, haurrentzako jarduerak eta 65 postuko azoka. Azken honetan, bigarren eskuko produktuak eta artisautza lanak egongo dira erakusmahaietan.

Gladys del Estal

Glad is the Day hitz-joko bat da eta Gladys del Estal militante ekologista omentzeko eguna da, donostiar askoren parke gogokoena den hori ahalik eta errespetu eta adeitasun handienaz gozatzeko sortu zen. Helburua beti izan da parkea jaialdiaren protagonista bihurtzea, ez alderantziz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna