Landarteren hamargarren edizioak bost sormen prozesu eramango ditu Nafarroako landa-eremura

Programak zinema, diseinua, argazkilaritza, literatura eta arte eszenikoak uztartuko ditu eta tokiko komunitateekin elkarlanean oinarritutako sormen prozesuak sustatuko ditu.

Landarte programak hamar urte bete ditu aurten, eta urteurrena Nafarroako landa-eremuko bost udalerritan garatuko diren sormen garaikideko proiektuekin ospatuko du. Egitasmoak aurreko urteetan bezala, sorkuntza artistikoa eta tokiko komunitateen parte-hartzea uztartuko ditu, elkarlanetik sortutako prozesuak lehenetsiz.

Aurtengo edizioan bost sortzailek hartuko dute parte: Iratxe Perez Barandalla zinemagileak Leotzibarren egingo du lan; Jaime Remirez de Ganuza diseinatzaileak Mirafuentesen garatuko du bere proposamena; Silvia Ayerra argazkilariak Miranda Argan egingo du egonaldia; Hasier Larretxea idazleak Elorrekin lotuko du bere proiektua; eta Irantzu del Valle sortzaile eszenikoak Uskarten egingo du bere sormen-prozesua.

Programaren oinarria herritarren eta sortzaileen arteko elkarlana da. Horretarako, artistek hainbat hilabetez egingo dute lan aipatutako herrietan, bertako bizilagunekin harreman zuzena eraikiz eta komunitatearen interesak nahiz beharrak entzunez. Helburua ez da soilik obra artistiko bat sortzea, baizik eta hausnarketa, elkarrizketa eta ekintza partekatuak sustatuko dituzten prozesuak garatzea.

Landarteren metodologiak denbora, entzuketa eta gertutasuna jartzen ditu erdigunean. Tokian tokiko errealitateak ezagututa, lurraldearekin, memoriarekin eta komunitatearen harreman sozial eta kulturalekin lotutako proposamenak eraikitzen dira, sorkuntza garaikidea landa-eremuko egunerokotasunarekin elkarrizketan jarriz.

Ignacio Apezteguia Vianako Printzea Erakundeko Kultura zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, “Landartek Nafarroako landa-eremuko hainbat herriri kultura-sorkuntza garaikideko prozesu kolektiboetan inplikatzeko gonbidapena egiten die”. Bere hitzetan, “prozesu intimoak eta hurbilekoak dira, hausnarketa, elkarrizketa eta ekintza uztartzen dituztenak”, eta tokiko komunitateei baliabideak eta laguntza eskaintzen dizkiete prozesu horietan protagonista izan daitezen.

Bitartekaritza lana

Bestalde, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari Lorenzo Garcia Echegoyenek nabarmendu du hautatutako udalerriak ez direla “agertoki hutsak”, baizik eta komunitate batek lurraldearekin eraikitzen dituen harremanen adierazpenak. Horregatik, programaren helburua “sortzaileen eta udalerrien arteko loturak eta aliantzak sustatzea” dela azaldu du, bitartekaritza lanari garrantzi berezia emanez.

Hamargarren edizioak beste berritasun bat ere izango du: Xian Rodriguez Landarte artxiboaren parte izango da. 2023an abiatutako lan-ildo horren bidez, Nafarroatik kanpoko ikuspegiak eta esperientziak txertatzen dira programan, kultura, lurraldea eta kultura-eskubideak ardatz dituzten hausnarketak aberasteko. Horren baitan, sortzaileekin topaketa eta elkarrizketa bat egingo dira, ondoren programaren webgunean zabaltzeko.

Landartek uztailaren amaierara arte garatuko du ikerketa eta lehen hartu-emanen fasea. Ondoren, artistek eta herritarrek elkarrekin definituko dituzte proiektuak, urrian amaituko den sormen-prozesu partekatuan. Amaieran, parte-hartzaile guztiek egindako lana baloratzeko saioak egingo dira, hamar urte hauetan sendotutako egitasmoak komunitatearen eta sorkuntza garaikidearen arteko zubiak eraikitzen jarrai dezan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna