Ivan Gomezen ‘Kliskada bat’ instalazioa ikusgai dago Montehermosoko Ur Biltegi Zaharrean

Ur Biltegi Zaharrerako propio sortutako proposamenak munduarekin dugun harremanaren aldaketei buruzko hausnarketa egiten du, eta irailaren 20ra arte bisitatu ahal izango da.

Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Ivan Gomezen Kliskada bat instalazioa inauguratu du Ur Biltegi Zaharrean. Espazio horretarako berariaz sortutako proposamen artistikoak begiak itxi eta irekitzeko eguneroko keinua hartzen du abiapuntutzat, munduarekin dugun harremana zeharkatzen duten aldaketei buruzko hausnarketa proposatzeko.

Instalazioak hainbat diziplina eta material uztartzen ditu. Collageak, eskulturak, ehungintzako piezak, argi-gailuak, diapositibak eta elementu organikoak biltzen ditu, guztiak ere Ur Biltegi Zaharraren arkitekturarekin elkarrizketan antolatuta.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak azaldu duenez, erakusketak garai desberdinetako materialen, irudien eta teknologien arteko konbinazioaren bidez materiaren eta irudien etengabeko eraldaketa aztertzen du.

Kliskada bat irailaren 20ra arte egongo da ikusgai Montehermosoko Ur Biltegi Zaharrean.

Ivan Gomez diziplina anitzeko artista da: artista plastikoa, zinemagilea, idazlea eta komisarioa. Bere lanak irudien, objektuen, espazioen eta pertsonen arteko harremanak ditu ardatz, eta hainbat diziplina uztartzen ditu sorkuntza-prozesuan.

Bere ibilbidean, besteak beste, Bilboko Alondegiarekin, Donostiako Tabakalerarekin eta Bartzelonako La Capella sorkuntza-zentroarekin lan egin du. Horrez gain, bere lana nazioarteko hainbat hiritan ere aurkeztu du, hala nola Medellinen, Berlinen, Gantesen eta New Yorken.

Zabaldu:

Utzi erantzuna