Urriaren 2an eta 3an egingo den lehen edizioak Belako, Neomak, Iseo & Dodosound, Olatz Salvador eta Ben Yart bilduko ditu, besteak beste.
Bermeok musika jaialdi berri bat izango du udazken honetan. Xixili Festibalak lehen aldiz zabalduko ditu ateak urriaren 2an eta 3an, eta zuzeneko musikaren bidez euskal kultura, itsasoarekiko lotura eta herriaren nortasuna uztartzea izango du helburu.
Kanposantuko Zabalgunean egingo da hitzordua, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eta Kantauri itsasoaren parean. Rocka, indiea eta musika elektronikoa izango dira nagusi egitarauan, askotariko proposamenak bilduko dituen kartelarekin.
Lehen edizio honetan, Iseo & Dodosound, Neomak, Belako, Supercremalleras, Olatz Salvador, Bengo, Ben Yart eta Aimarz talde eta bakarlariak igoko dira oholtzara. Horiekin batera ariko dira Ke Lepo & Felix Buff, Oibaf, Desaint, Paul Larrozea Zuazo, Kilian eta Beñat. Gainera, tokiko ordezkaritza ere izango da jaialdian, Paul Larrozea Zuazo bermeotarra bere herrian ariko baita zuzenean.
Festibalak bi espazio nagusi izango ditu. Eguneko programazioa doako gune batean izango da, arratsaldeko 17:00ak arte publiko guztiarentzat zabalik egongo den eremuan. Ondoren, ordainpeko guneak hartuko du protagonismoa, zuzeneko kontzertuak eta musika elektronikoko saioak txandakatuko dituen programazioarekin.
Xixili Festibalaren nortasuna euskal mitologiari ere estuki lotuta dago. Izena Bermeoko portuan dagoen Xixili lamia eskulturatik hartu du, eta irudi hori izango da jaialdiaren unibertso bisualaren ardatzetako bat. Antolatzaileen asmoa da musika eskaintzaz harago doan esperientzia bat sortzea, itsasoaren, kostaldearen eta herriko iruditeria tradizionalaren inguruan eraikia.
VVSSNNk ekoitzitako ekimenak Bermeoko Udalaren babesa du, eta lehen edizio honekin Bizkaiko kostaldean musika jaialdien eskaintza aberastea du xede, euskal eszenako artistei protagonismo berezia emanez.