Nazioarteko gatazkak, desinformazioa, giza eskubideak eta Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrena izango dira programan. Jardunaldiek 18 jarduera bilduko dituzte, hitzaldi, mahai-inguru, zinema eta argazki-erakusketa batekin.
Kazetaritza, bertatik bertara programaren hamabigarren edizioak gaur egungo nazioarteko erronka nagusiak izango ditu hizpide: gatazka armatuak, geopolitika, desinformazioa eta giza eskubideak. Jardunaldiak abuztuaren 24tik 28ra izango dira hainbat hitzaldi eta mahai-ingururekin. Horietan gatazka-eremuetan lan egiten duten kazetariak, berriemaile bereziak, fotokazetariak eta nazioarteko analistak elkartuko dira. Saio guztiak Europa Biltzar Jauregian egingo dira, eguerdiko eta arratsaldeko ordutegietan, eta doakoak izango dira, aretoa bete arte.
Edizio honetako gai nagusien artean izango dira Ekialde Hurbileko gatazka, Marokoko egoera politiko eta soziala, superpotentzien arteko lehia geopolitikoa, desinformazioaren eragina, giza eskubideen egoera eta Kuba nahiz Txinaren errealitatea.
Aurtengo programazioak toki berezia egingo dio, gainera, 1976ko Martxoaren 3ko gertakarien 50. urteurrenari. Horregatik, jardunaldietako azken eguna, abuztuaren 28a, osorik eskainiko zaio Gasteizko sarraskiari, gertatutakoaren memoria eta kazetaritzaren ikuspegitik egindako lanketa uztartuz.
Hitzaldiez gain, jardunaldi bakoitzaren amaieran zinema-programazioa ere izango da Florida zinema-aretoetan. Proiektatutako film eta dokumental batzuk zineforumekin osatuko dira.
Programazioa osatzeko, Natalia Sancha kazetari eta argazkilariaren Los Nadies de la guerra erakusketa ikusgai izango da abuztuaren 18tik irailaren 13ra Gasteiz hiribidean, Europa Biltzar Jauregiaren ondoan. Erakusketak gerren albo-ondorioetan jartzen du arreta, indarkeriaren erdian biziraun behar izan duten pertsonen istorioak irudien bidez ezagutaraziz.