Kultura eta sormen sektorean diharduten emakumeen errealitatea ezagutzeko galdetegi publiko bat jarri du martxan BESEK ekimenak. Jasotako ekarpenekin Liburu Zuria osatuko dute, eta emaitzak irailean egingo den topaketan partekatuko dira.
Bizkaiko kultura eta sormen arloan lanean ari diren emakumeen egoera, beharrak eta erronkak aztertzeko ekimena jarri du abian BESEKek (Bizkaiko Emakumeen Sarea Esparru Kulturalean). Horretarako, sektoreko profesionalei zuzendutako galdetegi publiko bat zabaldu du, lurraldeko emakume sortzaileen lehen erretratu kolektiboa osatzeko asmoz.
Inkestan jasotako informazioa izango da BESEKen Liburu Zuria prestatzeko oinarria. Dokumentu horrek kultura eta sormen sektorean diharduten emakumeen lan-baldintzak, zailtasunak eta aukerak jasoko ditu, etorkizuneko jarduera-ildoak eta proposamenak lantzeko erreferentzia gisa.
Galdetegia kultura edo sormen diziplinaren batean jarduten duten emakume guztiei dago zuzenduta, ibilbidea hasi berria dutenei nahiz urteetako esperientzia dutenei. Antolatzaileen arabera, helburua da profil eta esperientzia askotarikoak jasotzea, sektorearen errealitate ahalik eta osatuena ezagutzeko. Parte-hartzea konfidentziala izango da, eta galdetegia betetzeko zazpi eta hamar minutu artean beharko dira.
Irailaren 21ean eta 22an, Bilbon
Euskalduna Jauregian antolatutako jardunaldiak kulturaren eta sormenaren esparruan diharduten artistak, kudeatzaileak, ikertzaileak, komunikatzaileak, diseinatzaileak, artisauak eta bestelako profesionalak elkartuko ditu, esperientziak partekatzeko eta sare berriak sortzeko.
Programazioak hitzaldiak, tailer praktikoak, banakako mentoretzak, networking guneak eta sormen prozesuen erakustaldiak bilduko ditu. Gainera, parte-hartzea errazteko, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da.
BESEKen sustatzaileek nabarmendu dute ekimena modu parte-hartzailean eraiki nahi izan dutela hasieratik. Horregatik, galdetegiaz gain, hainbat diziplinatako profesionalek osatutako talde eragile batek lagundu du programazioa eta lan-ildoak definitzen, kulturaren esparruan dauden ikuspegi eta errealitate anitzak kontuan hartzeko.
Ekimenaren helburua ez da diagnostiko bat egitea bakarrik; epe luzera emakume sortzaileen arteko sare egonkor bat sendotzea ere bada, elkarlana sustatu, esperientziak partekatu eta kultura eta sormen sektoreko profesionalen arteko harremanak indartzeko. Horretarako, antolatzaileek sektoreko emakume guztiei dei egin diete galdetegian parte hartzera eta beren esperientzia partekatzera, etorkizuneko proposamenak ahalik eta oinarri zabal eta errealenean eraiki ahal izateko.