(argazkia: GFA)

Landarbaso Abesbatzak Suediako World Choir Games lehiaketan parte hartuko du

Errenteriako abesbatzak Musika Garaikidea eta Abesbatza Mistoak kategorietan lehiatuko da, munduko koru-lehiaketa handienetako batean.

Errenteriako Landarbaso Abesbatzak nazioarteko erronka garrantzitsua izango du abuztuan. Iñaki Tolaretxipik zuzentzen duen taldeak World Choir Games lehiaketaren XIV. edizioan parte hartuko du, abuztuaren 6tik 16ra bitartean Suediako Helsingborg hirian izango den hitzorduan. Mundu osoko koru ezagunenetako batzuekin lehiatuko da, Musika Garaikidea eta Abesbatza Mistoak kategorietan.

Jaialdia koru-musikaren nazioarteko topaketa handienetako bat da. Aurtengo edizioan 200 bat abesbatza izango dira, eta lehiaketaz gain, kontzertuak, tailerrak, desfileak eta kultura-trukerako jarduerak ere antolatu dituzte.

Lehiaketari dagokionez, Landarbasok bereziki prestatutako errepertorioa landu du azken hilabeteetan. Hautatutako obrek interpretazio-maila handia eskatzen dute, afinazioan, ahotsen orekan, erritmoan eta adierazkortasunean, eta taldearen heldutasun artistikoa erakustea dute helburu.

Goizane Alvarez Kultura diputatuaren hitzetan, Landarbasoren presentzia “taldearen talentuaren, lan kolektiboaren eta urteetako konpromisoaren aitortza” da, eta Gipuzkoako musika koralaren kalitatea nazioartean erakusteko aukera izango da.

Nazioarteko ospea duten zuzendariek, pedagogoek eta interpreteek osatutako epaimahaiak baloratuko ditu emanaldiak. Besteak beste, Ragnar Bohlin San Francisco Symphonyko abesbatzaren zuzendari ohia, Andrea Haines sopranoa eta Marco Antonio Ugalde zuzendari mexikarra izango dira epaimahaikide.

World Choir Games lehiaketa Elkarrekin abesteak nazioak batzen ditu lelopean egiten da, eta Suedian ospatuko den lehen edizioa izango da aurtengoa. Landarbasorentzat, berriz, nazioarteko agertoki batean bere ibilbidea eta euskal koru-musikaren maila erakusteko aukera izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna