Bilboko Itsasmuseumek antolatu du hitzaldia. Getariako itsasgizonaren testamentua, azken espedizioa eta nabigatzaile gisa utzitako ondarea berrirakurriko dituzte, mitoetatik harago.
Duela bostehun urte hil zen Juan Sebastian Elkano, baina haren azken egunak eta ondarea ikertzen jarraitzen dute historialariek. Heriotzaren bosgarren mendeurrenarekin bat eginez, abuztuaren 6an solasaldi berezia egingo dute Bilboko Itsasmuseumen, getariarraren ibilbidea dokumentazio historikoaren argitan berrikusteko.
Topaketa Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), EHUGuneren bidez, Getariako Udalak eta Itsasmuseumek antolatu dute. Azaldu dutenez, aukeratutako data ez da kasualitatea: gaur egun onartutako dokumentazioaren arabera, Elkano 1526ko abuztuaren 6an hil zen, munduari lehen bira amaitu eta lau urtera.
Bi adituk osatuko dute jardunaldia. Manuel Romero Tallafigo historialari eta artxibozainak Elkanoren testamentuari helduko dio. Andres de Urdanetak 1526ko uztailaren 26an jasotako azken hitzetatik abiatuta, Elkanoren nortasuna, bizi izan zuen garaia eta itsas mundua hurbiletik ezagutzeko aukera eskainiko du.
Bestetik, Enrique Santamaria Urtiagak Elkanoren trebetasun nautikoan jarriko du arreta. EHUn prestatzen ari den doktorego-ikerketaren harira, Victoria ontziaren itzulera historikoa, Badajoz-Elvaseko konferentzian izan zuen parte-hartzea eta Moluketarako bigarren espedizioan jokatutako rola azalduko ditu, XVI. mendeko nabigazioan izan zuen ekarpena testuinguruan kokatuz.
Antolatzaileen asmoa da Elkanoren inguruko irudi sinplifikatutik harago joatea eta haren bizitza garaiko testuinguru historikoan ulertzea. Horretarako, dokumentu historikoetan eta azken ikerketetan oinarritutako begirada eguneratua eskainiko dute.
Saio honek jarraipena emango dio Itsasmuseumek azken urteotan Elkanoren figuraren inguruan egindako dibulgazio-lanari. 2019an, esaterako, lehen mundu-biraren 500. urteurrenaren harira erakusketa bat eta hari lotutako argitalpena aurkeztu zituen, eta ondoren hitzaldi-zikloak ere antolatu ditu.