Antzerkiaren inguruan elkartu, esperientziak partekatu eta etorkizuneko topagune feministez hausnartzeko bigarren Iluntzeko Topaketa egingo dute irailaren 11n eta 12an Ozaetako Garaion Sorgingunean.
Antzerkiaren bueltan sortutako espazio feministek eta horietan bizitako esperientziek hartuko dute lekua irailaren 11n eta 12an Ozaetako Garaion Sorgingunean egingo duten topaketan. EHAZEk bigarren urtez antolatu du Antzerkizale Feministen Iluntzeko Topaketa, elkartzeko, elkar ezagutzeko eta etorkizuneko topalekuak irudikatzeko asmoz.
Irailaren 11n, beraz, 20:30ean, harrera eta afaria egingo dituzte, eta ondoren Ane Gebara ipuin kontalariaren gaubela izango da. Hurrengo goizean, gosaldu ostean, 10:00etan hasiko da saio nagusia. Garaioneko txokoetan barrena egingo den paseo eta tertulia batean, arte eszenikoen inguruko topagune feministen esperientziak partekatuko dituzte parte hartzaileek, eta etorkizunean nolako espazio kolektiboak nahi dituzten elkarrekin pentsatzeko aukera izango dute.
Topaketa emakume eta genero disidenteei dago zuzenduta. Euskara izango da komunikazio hizkuntza nagusia, baina beste hizkuntzetako hiztunei ere irekita egongo da, parte-hartzaile guztien komunikazio beharrak kontuan hartuta.
Ekimenaren prezioa 15 eurokoa da, afaria, lo lekua eta gosaria barne, baina antolatzaileek argi utzi dute dirua ordaindu ezin dutenek ere parte hartzeko aukera izango dutela. Topaketaren bigarren jardunaldia 12:30ean amaituko da.