(argazkia: Mintzalasai)

Mintza Lasai euskararen aldeko festibala irailaren 21etik 27ra egingo da Miarritzen eta Baionan

Eskola arteko topaketak, tailerrak, bisita gidatuak, proiekzioak eta bestelako jarduerak egingo dituzte bertako elkarteek eta udalek.

Euskara ikasgelatik eta euskaltegitik harago eramatea izango da Mintza Lasai festibalaren 15. edizioaren erronka. Irailaren 21etik 27ra, Baiona eta Miarritzeko hainbat gune euskaraz aritzeko eta hizkuntzaren erabilera sustatzeko topaleku bihurtuko dira, eskola arteko topaketak, tailerrak, bisita gidatuak, proiekzioak eta besta giroko jarduerak tarteko.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “Ipar Euskal Herrian, Baiona-Angelu-Miarritze hiri eremuan pilatzen da biztanleriaren herena eta euskaratik gehien deskonektatua dena. Guk, orain eta hemen ekiteko hautua egin dugu. Baina datuek argi erakusten dute eremu guztietan eragin behar dugula: hirian eta barnealdean, haurrekin eta helduekin, euskaldunekin eta etorri berriekin, transmisioan eta erabileran, erakartzean eta ahalduntzean. Bizi dugun testuinguru konplexuak begirada zabaltzera eta jokamoldeak berritzera behartzen gaitu”.

Festibalak, beraz, euskaraz hitz egiteko aukerak sortzea du xede, hizkuntza ikasteko tresna hutsa izan ez dadin. Antolatzaileen esanetan, euskara lagunartean, lanean, saltegietan, kalean, kantuan eta aisialdian ere bizi baitaiteke. Horregatik, urte osoan euskaraz aritzeko sortzen diren ekimen eta guneak ere ikusarazi nahi dituzte.

Hizkuntzarekiko harreman positiboak

Hamabost urteko ibilbidean, Mintza Lasai urteko aste bateko “parentesi linguistikoa” izatetik harago joateko asmoa ari da lantzen. Antolatzaileek “oasiez” hitz egiten dute, urte osoan euskaraz aritzeko aukera ematen duten espazioei erreferentzia eginez. Izan ere, haien ustez, festibalaren egitarauak euskararekiko atxikimendua indartzeaz gain, hizkuntzarekiko harreman positiboak eta erabilerarako ohiturak sustatu behar ditu.

Aurtengo edizioa euskararen inguruko mobilizazio eta ekimen zabalago baten testuinguruan ere kokatzen dute. Korrikak eta Herri Urratsek erakutsitako atxikimendua aipatu dute, baita udazkenean euskararen inguruan izango diren beste hainbat ekimen ere.

Mintza Lasairen arabera, hizkuntza txiki bateko hiztun izateak beste gutxiengo eta hizkuntza-komunitateekiko elkartasuna ere susta dezake. Horregatik, euskararen biziberritzea hizkuntza baten etorkizunarekin ez ezik, aniztasun linguistiko eta kulturalaren defentsarekin ere lotzen dute.

Irailaren 21etik 27ra, beraz, Baionan eta Miarritzen euskaraz aritzeko eta gozatzeko hainbat aukera izango dira. Festibalak 15 urte beteko ditu, baina helburua bera da oraindik: euskara gero eta toki gehiagotan entzun eta erabiltzea, eguneroko bizitzaren parte izan dadin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna