Urriaren 23tik 25era, bost ikuskizun, kaleko bi proposamen eta bi dantza tailer izango dira Victoria Eugenia Antzokian eta Okendo Plazan, Euskal Herriko, Argentinako, Frantziako eta Japoniako artistekin.
Euskal dantza izango da Iturritik Jaialdiaren bosgarren edizioko protagonistetako bat, tradizioa eta gaur egungo sorkuntza uztartzen dituzten hainbat proposamenekin. Urriaren 23tik 25era, bost ikuskizun, kaleko bi emanaldi eta bi dantza tailer izango dira Donostian, Euskal Herriko, Argentinako, Frantziako eta Japoniako artistekin. Dantza tradizionalaz gain, zirkua, dantza urbanoa, tango akrobatikoa eta pole dance bezalako diziplinak ere izango dira programan, Victoria Eugenia Antzokian eta Okendo Plazan.
Euskal sorkuntzaren artean, Kresala Dantza Taldearen Hiru eta Arkaitz Añorgako Dantzarien 1926-2026. Ehun urtez dantzan lanak izango dira ikusgai. Lehenak Eduardo Txillidaren unibertsoan aurkitzen du inspirazioa, eta dantza, musika eta poesia uztartzen ditu; bigarrenak, berriz, taldearen mendeurrena ospatuko du, euskal folkloreko hainbat dantza eta erreferentzia eszenara eramanez: Sagar-dantza, Ezpata-dantza, Agurra eta Soinu zaharrak, besteak beste.
Okendo Plazako ikuskizunak
Kaleko egitarauari dagokionez, Gero Axular Dantza Taldeko Iparratik izeneko proposamenak ere euskal tradizioa eta gaur egungo lengoaia eszenikoa uztartuko ditu. Horrez gain, Frantziako Soul Project konpainiaren akrobazia eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna izango da Okendo Plazan.
Bestalde, Meriko talde japoniarrak Street Pole Dance aurkeztuko du, barrako dantzaren inguruko tabuak hautsiz, indarra eta mugimendu artistikoa uztartuko ditu. Gainera, Duo Laos talde argentinarrak tangoa, binakako akrobazia eta komedia elkartuko ditu Otros Aires lanean.
Jaialdiak euskal dantza eta hip hop tailerrak ere eskainiko ditu Victoria Eugenia Antzokian. Gero Axular taldeak euskal dantzaren saioak emango ditu, haur zein gazte eta helduentzat, eta Soul Projectek hip hop tailerra gidatuko du.
Hala, Iturritik Jaialdiaren bosgarren edizioak tradizioa ez du iraganeko ondare estatiko gisa aurkeztuko, baizik eta beste lengoaia, gorputz eta komunitateekin harremanetan etengabe eraldatzen den adierazpide gisa. Sarrerak gaur, irailak 1, jarri dira salgai.