Karrikan Etorkizuna 2026-2028 egitasmoak 25.000 eurotik gorako laguntzak eskainiko ditu eta hautatutako proiektua 2028ko Umore Azokan estreinatuko da.
Kalean sortu eta kalean erakusteko bidean lehen urratsak ematen ari diren artistek eta konpainiek aukera berria dute Karrikanen eskutik. Mugaz gaindiko plataformak Karrikan Etorkizuna 2026-2028 deialdia ireki du, sorkuntza artistikoa eta hedapena bultzatzeko. Izena emateko epea urriaren 1era arte dago zabalik
Deialdiak 25.000 eurotik gorako laguntza-paketea eskaintzen du, sorkuntza, prestakuntza, komunikazioa eta erakusketa barne. Proiektu bat hautatuko dute, eta haren sorkuntza-prozesua 2026ko azarotik 2028ko maiatzera garatuko da. Prozesu horren emaitza 2028ko Umore Azokan estreinatuko da, eta ondoren hamar eguneko bira egingo du, maiatzetik urrira, Karrikanen bazkide eta bazkide elkartuen jaialdi eta udalerrietan.
Euskarari lehentasuna
Karrikanek lehentasuna emango die jatorrizko proposamenei, euskarazko lanei eta testurik gabeko ikuskizunei. Piezek formatu txiki edo ertaina izan beharko dute, eta zuzeneko arteetako diziplina guztiak izango dira hautagai: antzerkia, dantza zein diziplina arteko proposamenak, besteak beste.
Deialdiaren bidez, beraz, ez da soilik ikuskizun bat ekoizteko laguntza bilatzen: kaleak sorkuntza eszenikorako duen potentziala ere aintzat hartzen da. Hautaketa egiteko, besteak beste, originaltasuna, planteamendu artistikoaren sendotasuna, euskararen presentzia eta proposamenaren izaera euskalduna hartuko dituzte kontuan.
Horiez gain, proiektuaren bideragarritasuna, deialdiaren egutegira egokitzeko gaitasuna, artisten edo konpainiaren bizilekua eta zuzendari profesional baten edo kanpo-begirada baten parte-hartzea ere baloratuko dituzte.
Hautatutako proiektuak sorkuntzarako laguntza jasoko du: doako bi prestakuntza-saio, hiru sorkuntza-egoitza (gastuetarako 2.000 euro barne), “kanpo-begirada” profesional hori ordaintzeko 1.800 euroko diru-poltsa eta beste 5.300 euro sorkuntzarako laguntza gisa.
Laguntza ez da sorkuntza-prozesura mugatuko. 2028ko ikuskizuna 1.800 euroan kontratatuko dute, zergak eta gastuak barne, Leioan, Hendaian, Bilbon, Gasteizen, Antsoainen, Iruñean, Zarautzen, Lezon, Errenterian eta Arrigorriagan egiteko. Komunikaziorako eta proiektuaren hedapenerako laguntzak ere aurreikusten ditu egitasmoak.
Lehen hautaketa urriaren 23an jakinaraziko dute, eta finalistak urriaren 29an izango dira ikusgai Errenteriako Dantzagunean. Egun horretan bertan aukeratuko dute irabazlea.
Karrikan plataforma Bilboko Kalealdia eta Gasteizko Kaldearte jaialdiek, Hendaiako Le Mai du Théâtre jaialdiak, Leioako Umore Azokak, Iruñeko eta Antsoaingo udalek, Lapurdiko Topada Fabrika elkarteak eta Karrikan Elkarteak osatzen dute. Bazkide elkartuen artean daude, besteak beste, Arrigorriaga, Errenteria eta Lezo udalerriak, Zarauzko Kalerki jaialdia eta Dantzagunea eta Garaion-Sorgingunea egoitzak.
Deialdian parte hartu nahi duten artistek eta konpainiek Karrikanen webgunean aurki dezakete izena emateko inprimakia.