Gilkitxaroren 'Alperrak, tunanteak eta maleanteak' obra

Baratxinto Festek arte garaikidea Erronkariko Ibarreko herrietara eramango du

Zirkuak, clownak, dantzak, poesiak, musikak eta performanceak osatuko dute irailaren 11tik 13ra egingo den jaialdiaren egitaraua.

Arte garaikideak ez du zertan hiri handietako aretoetan gertatu. Horixe erakusten du Baratxinto Festek, Pirinioetako Arteen jaialdiak, urtez urte Erronkariko Ibarreko herriak sorkuntza garaikidearen topaleku bihurtuz. Seigarren edizioa irailaren 11tik 13ra egingo da, eta zirkuaren, antzerkiaren, dantzaren, poesiaren, musikaren eta performancearen bidez identitatea, migrazioak, kultura-aniztasuna, bizikidetza eta ongizate kolektiboa izango ditu hizpide.

2021ean sortu zen jaialdia arte garaikidea landa-ingurunera hurbiltzeko asmoz. Ordutik, artistak eta bertako biztanleak elkartzeko espazio bihurtu da, eta sorkuntza artistikoa ez ezik, herritarren parte-hartzea eta bailararen dinamizazioa ere jarri ditu erdigunean. Aurten, gainera, Erronkariko Ibarreko eta inguruko artisten presentzia indartuko du programazioak.

Jaialdia hasi aurretik, irailaren 10ean, Erronkarin, Sweet Chilli Circus Companyk Trashumantes aurkeztuko du, Baratxinto Festek eskainitako egoitza artistikoan landutako pieza. Zirku garaikidea, antzerki fisikoa, dantza eta clowna uztartzen ditu proposamenak eta absurduaren eta sublimearen arteko jolasa baliatzen du giza kondizioari begiratzeko.

Herriz herriko programazioa

Baratxinto Fest, beraz, irailaren 11n abiatuko da Burgin. Bertan, Jean Philippe Kikolasen Calor ikusi ahal izango da, errefuxiatuen egoerari eta gizarte-arazoei begiratzen dien zirku garaikideko lana.

Larunbatean, irailaren 12an, programazioa Bidankozera iritsiko da Iosu Sanz Udiren arte bizien, poesiaren eta musikaren performancearekin. Ondoren, Badut taldearen Flamenkito clown pieza eta Ganso&Cia-ren Welcome&Sorry izango dira. Azken horrek Hamlet Shakespeareren klasikoa hartzen du abiapuntu, eta bi aktorek obra talde oso baten lana balitz bezala antzezteko egiten duten ahalegina parodiatuko du.

Arratsaldean Erronkarin jarraituko du jaialdiak, herri-bazkari eta mikro-irekiarekin. 19:00etan, Orain Bi konpainiaren Mute zirku-ikuskizuna izango da, aldaketaren ideiatik abiatuta une poetiko, dibertigarri eta harrigarriak proposatzen dituena. Eguna Izabako Fuera de Tono taldearen punk/rock kontzertuarekin amaituko da.

Igandean, irailaren 13an, Uztarrozek hartuko du jaialdiaren azken eguna. Gilkitxaroren Alperrak, tunanteak eta maleanteak lanak produktibitatearen logikak zalantzan jartzen ditu, atsedena eta plazeraren aldeko aldarria eginez. Ondoren, Ertza dantza konpainiaren Otempodiz piezak jaiotzen garen lekuak denboraren pertzepzioan duen eraginaz hausnartuko du. Jaialdia agur mokadu batekin itxiko dute.

Baratxinto Festen proposamena, beraz, ez da ikuskizunak herriz herri eramatera mugatuko. Artisten eta komunitatearen arteko harremana sorkuntza-prozesuaren parte bihurtzea du oinarrian, eta landa-ingurunea arte garaikidearen hartzaile ez ezik, sorkuntzarako espazio ere badela aldarrikatuko du.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna