(argazkia: Iruñeko Udala)

Gresezko ogi barrak oinarri, hausnarketa artistikoa proposatzen du Damaris Panek

‘Qu’est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée?’ izeneko erakusketa irailaren 20ra arte egonen da ikusgai

Damaris Pan artistaren (Mallabia, 1983)  Qu’est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée? (Zer galdetu nahi didazu galdera hain zail horrekin?) izeneko erakusketa irailaren 20ra arte egongo da ikusgai Ziudadelako Labean, Iruñean. Aurkeztutako artelanetako batek ematen dio izena erakusketari. Pieza artistikoak sormenezko une desberdinetan sortu ziren, jatorri oso desberdinak dituzten materialekin.

Gresez osatutako “baguette” ogien multzo bat da erakusketak jasotzen duen obretako bat. Ogi-barra horietatik begi-nini beltz distiratsuak dituzten arrosez esmaltatutako begiak sortzen dira. Barra horiek askotariko interpretazioak iradokitzen dituzte, eta erakusketaren ernamuina dira; erakusketak, hain zuzen ere, esanahi berezia du, XVI. mende amaierako ogi-labe batean baitago kokatuta. Piezek materialen, formen eta espazioaren arteko hartu-emana proposatzen dute.

Artista bizkaitarrak Kometak proiektuan parte hartzen du, eta horren barruan kokatzen da Iruñeko erakusketa hau: Etxepare Euskal Institutuak, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak eta Zébra3 espazioak sustatzen dute proiektua, egonaldi artistikoak trukatzearen eta kultur proposamen garaikideak hedatzearen bidez mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko xedez.

Bordelen egindako egonaldi artistikoak ikertzeko, esperimentatzeko eta elkarlanean aritzeko gune bat eskaintzen du, eta Damaris Panen jardunbidearen parte da. Lanzaroten, Txinan, Estatu Batuetan eta Alemanian egindako egonaldietan ere parte hartu du. Artista Bilbon bizi da, eta bertan sorkuntza artistikoa Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko irakasle izatearekin uztartzen du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna