Thomas Noone dantzariaren ‘Impostor’ ikuskizuna (argazkia: Giuseppe Follacchio)

Thomas Noone, La Intrusa eta Carmen Fumero, Bilboko Dantzaldiko lehen hitzorduetan

Irailaren 24tik abenduaren 15era egingo da Bilbo-Bizkaiko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren 27. edizioa.

Bilbo eta Bizkaia dantza garaikidearen topagune bihurtuko dira beste behin udazken honetan. Dantzaldia, Bilbo-Bizkaiko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXVII. edizioa, irailaren 24tik abenduaren 15era egingo da, hainbat agertokitan. Besteak beste, Guggenheim museoan, Alondegian, Arte Ederren Museoan, Barakaldoko Antzokian, Rekalde Aretoan eta Deustuko La Fundicion aretoan izango dira emanaldiak.

Guztira, hamar ikuskizun bilduko ditu aurtengo programazioak. Euskal Herriko eta nazioarteko konpainien lanak izango dira ikusgai, eta izen ezagunak zein sorkuntza berrien aldeko proposamenak uztartuko dira. Programazio osoa laster aurkeztuko bada ere, jaialdiak dagoeneko hiru hitzordu aurreratu ditu.

Lehenengoa irailaren 24an izango da, Dantzaldiaren irekiera ekitaldian. Rekalde Aretoan, Carmen Fumero Konpainiak A ojo pieza laburra aurkeztuko du. Fumero bera eta Dacil Gonzalez izango dira oholtza gainean. Lanak ikuslearen begiradak pertzepzioan duen eragina aztertzen du, eta emanaldiaren ondoren artistekin elkartzeko aukera izango da. Ondoren, otordu informala egingo da jaialdiaren 27. edizioari ongietorria emateko.

Urriaren 24an, berriz, Dantzaldia Barakaldora iritsiko da. Thomas Noone koreografo, zuzendari eta dantzariak Impostor aurkeztuko du, Euskal Herrian estreinakoz. Helduentzako proposamen honetan, Noonek koreografia partekatuko du Andre Mello artista brasildarrak sortutako txotxongilo handi batekin. Forma anitzeko izaki batek medusa, minotauroa eta gizakia uztartzen ditu, eta bien arteko harremanaren bidez “ongia eta gaizkia hautemateko formak” ikertzen ditu lanak. Unibertso ilun eta bisuala eraikitzen du ikuskizunak eta Noonen lanetan ohikoa den lengoaia fisiko eta keinuzkoa izango du. Sarrerak dagoeneko salgai daude Barakaldoko Antzokian.

Programazioaren lehen aurrerapenak, gainera, La Intrusa euskal konpainiaren 30. urteurrena jasoko du. Arabako konpainiak Este himno llevará la palabra euforia lana aurkeztuko du azaroaren 5ean, Alodegiako entzunaretoan. Virginia Garcia eta Damian Muñozek zuzendutako pieza berriak zazpi dantzari elkartuko ditu oholtza gainean, eta konpainiaren hiru hamarkadako ibilbidea ospatzeko sortu da. La Intrusaren lanak nazioarteko ibilbide zabala izan du: orain arte 40 ikuskizun baino gehiago aurkeztu ditu 30 herrialdetan baino gehiagotan, eta 2015ean Dantza Sari Nazionala jaso zuen.

Zazpikoteak “bizi-bulkadari omenaldia, elkarri eusteko modu kolektiboa eta erresistentzia-bidea” proposatzen ditu, sortzaileen hitzetan. Lan honetarako sarrerak laster jarriko dira salgai Bilboko Zentroko webgunean eta txarteldegian.

Hiru proposamen horiez gain, 2026ko Dantzaldiko gainerako ikuskizunak eta jarduera osagarriak laster emango dituzte ezagutzera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna