(argazkia: Kultur Sharea)

Miren Agur Meabe, Ibon RG, Fertxu Izquierdo eta BlekingeKale Banden izango dira Donostiako Poesia Orduak ekimenean

Meabek eta Ibon RGk REC aurkeztuko dute irailaren 7an. Izquierdok eta BlekingeKale Bandenek, berriz, Gari errearen urrina lana oholtzara eramango dute hilaren 8an. Bi emanaldiak Donostiako Victoria Eugenian izango dira 19:00etan.

Poesia ez da beti isilean irakurtzen den zerbait. Batzuetan ahotsa, musika, irudiak eta soinuak behar ditu poema batek beste dimentsio bat hartzeko. Horixe proposatuko dute aurten ere Donostiako Poesia Orduak errezitaldietan: bi hitzordu izango dira irailaren 7an eta 8an Victoria Eugenia Cluben, poesia eta musika uztartzen dituzten bi emanalditan.

Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen dute zikloa eta Euskal Jaietako programazioaren barruan egingo du aurten ere bere lekua. Hilaren 7an, Miren Agur Meabek eta Ibon RGk REC aurkeztuko dute. Irailaren 8an, berriz, Fertxu Izquierdok eta BlekingeKale Bandenek Gari errearen urrina. Bi saioak 19:00etan hasiko dira.

Memoria poetiko baten grabazioa

RECen abiapuntua Meaberen 2000tik 2025era bitarteko ibilbidea izango da. Izenburuak berak iradokitzen duen bezala, memoria poetiko baten grabazioa antzeztuko dute bi artistek, baina grabazio horrek ez du soilik hitza erabiliko.

Meabek bere poesian landutako gai eta poema esanguratsuei helduko die, eta Ibon RGk horietako batzuk kantu bihurtuko ditu, bere lengoaia esperimentalaren bidez. Ahotsa, testuak, hotsak, irudiak eta musika uztartuko dituzte, identitatea, gorputza, habitatak, genealogiak, idazkuntza, kontzientzia, kodeak eta kredoak bezalako gaietan barrena.

Poesia eta punk-rocka

Hurrengo egunean, Fertxu Izquierdok eta BlekingeKale Bandenek Gari errearen urrina eramango dute oholtzara. Izquierdoren izen bereko liburua izango dute abiapuntu, eta poemak punk-rock doinuekin uztartuko dituzte. Zenbait testu kanta bihurtu dituzte dagoeneko, eta taldeak liburuko gaietan oinarritutako beste abesti batzuk ere joko ditu.

Proposamenak ez du garaiaren kronika poetikoa alde batera utziko. Izquierdok bizipen pertsonalak eta esperientzia kolektiboak nahastuko ditu, besteak beste, Gazako genozidioa, Estatu Batuetako poliziaren indarkeria, hirietako eta auzoetako paisaiak, gatazken memoria, heriotza eta erotismoa poesia eta musikaren bidez aztertzeko.

Bi emanaldiak 19:00etan izango dira Victoria Eugenia Cluben. Gonbidapenak emanaldi bakoitzaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 11:30etik aurrera, Donostia Kulturaren webgunean eta Victoria Eugeniako leihatilan. Aurtengo kartela Maite Mutuberriak ilustratu du.

Poesia Orduak Euskal Jaietako programazioaren barruan kokatzen dira; Donostian, irailaren 2tik 13ra egingo dira aurten jai horiek, euskal kulturari eta herri-tradizioei lotutako hainbat jarduerarekin batera.

Zabaldu:

Utzi erantzuna