Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskarazko hezkuntza-lerroei jartzen zaizkien oztopoak kentzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan ereduen sistema gainditzea proposatu du.
Azken hamarkadetako euskararen biziberritzean hezkuntzak izan duen garrantzia aitortuta, hezkuntza-sistema euskararen normalizazioaren aldeko tresna eraginkorra izan dadin neurriak hartzeko eskatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Ikasturte berriaren atarian, Euskal Herriko hiru administrazio-esparruetan dauden egoerak aztertu eta bakoitzean eragiteko beharrak nabarmendu ditu: Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan euskarazko hezkuntzarako oztopoak ezabatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ereduen sistema behingoz gainditzea.
Kontseiluaren arabera, hezkuntza izan da azken hamarkadetan euskarak milaka hiztun irabazteko izan duen bide nagusietako bat. Bereziki nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzak izan duen eragina, euskararen aldeko hizkuntza-politikak garatzeko baldintza egokiagoak izan baitira bertan. Hala ere, erakundeak ohartarazi du egungo sistemak ez dituela behar bezala erantzuten euskararen biziberritzeak dituen erronka berriei.
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, euskarazko hezkuntzarako oztopoak
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, Kontseiluaren ustez, hezkuntza-administrazioek oraindik ez dute euskararen normalizaziorako behar den eskaintza bermatzen. Ikasleen zati handi batek ez du bere hezkuntza-ibilbidean euskararekin gutxieneko harremana izateko aukerarik, eta euskarazko hezkuntza hautatzen duten familiek oztopoz betetako bidea egin behar izaten dute.
Horren aurrean, hezkuntza-administrazioei eskatu die euskaraz ikasi eta irakasteko ereduak beraiek proposatu eta bultza ditzatela, euskarazko hezkuntzari trabak jarri beharrean. Horrez gain, ikasle guztiei beren hezkuntza-ibilbidean euskararekin gutxieneko harremana izateko eskubidea bermatzea ere jo du ezinbestekotzat.
EAEko ereduen sistema gainditzeko eskaera
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, A, B eta D ereduen araberako antolaketak berak euskararen normalizaziorako oztopo izaten jarraitzen duela adierazi du Kontseiluak. A eta B ereduek ikasleen euskarazko gaitasuna bermatzeko balio ez dutela dio, eta horren erakusgarri jarri ditu, besteak beste, ekaineko USaPeko euskarako azterketaren emaitzak.
Baina arazoa ez litzateke A eta B ereduetara mugatuko. Kontseiluak nabarmendu du D ereduan egindako derrigorrezko ikasketek ere ez dutela ikasle guztiengan euskaraz eroso aritzeko behar besteko gaitasuna bermatzen. Egoera hori are zailagoa da euskararen erabilera sozial txikiagoa duten eremuetan, eta zaurgarritasun soziolinguistikoa egoera sozioekonomiko zaurgarriarekin bat egiten duenean arrakala handiagoa izan daiteke.
Horri gehitzen zaio, Kontseiluaren arabera, Euskal Herrira iritsi berri diren migratzaileen egoera. Hizkuntzaren ikuspegitik harrera-politika egokirik ez dagoela salatu du, eta zenbait ikasle A eredura bideratzen direla azaldu du. B eta D ereduetan matrikulatzen direnek, berriz, ez dituzte beti eskura euskaraz jabetzeko behar dituzten giza baliabide eta baliabide materialak.
300.000 hiztun oso eta gaitu hamar urtean
Testuinguru horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak helburu zehatz bat proposatu du euskararen biziberritzean: datozen hamar urteetan 300.000 hiztun oso eta gaitu irabaztea. Hezkuntza-sistemak erronka horretan zeregin nagusia izan beharko duela defendatu du.
EAEri dagokionez, bi norabide nagusi proposatu ditu. Batetik, ereduen sistema gainditu eta euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen ikasteredu inklusiboa orokortzea. Bestetik, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma garatzea.
Bi norabide horiek, gainera, beste irizpide batek zeharkatu beharko lituzkeela defendatu du: euskara gutxien duenari gehiago ematea. Horrek esan nahi du ikastetxe eta ikasleen egoera soziolinguistikoa zein sozioekonomikoa kontuan hartzea eta behar diren baliabideak jartzea, ikasle guztiek euskaraz jabetzeko duten eskubidea benetan gauzatu ahal izan dezaten.
Hezkuntza-komunitate osoari egindako deia
Neurriak abian jartzeko ardura nagusia gobernu eta hezkuntza-administrazioena dela azpimarratu du Kontseiluak, baina ez die soilik erakundeei begiratu. Indar politiko eta sindikalei, hezkuntza-komunitateko eragileei, euskalgintzari eta euskararen etorkizunaren aldeko herritarrei ere neurri horien alde egiteko eskatu die.
Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, euskararen etorkizuna bermatzea ez da hizkuntza-politikari lotutako erronka hutsa. Gizarte-kohesioarekin, justizia sozialarekin eta demokraziarekin lotutako auzia ere bada, eta euskararen normalizazioari irtenbide kohesionatzaile eta justua ematea Euskal Herri osoaren erronketako bat dela defendatu du.