Marie de Jonghen 'Bo familia' ikuskizuna

Lau euskal konpainia izango dira Fira Tàrregako kale-arteen nazioarteko topaketan

Lasalak, Ertzak, Marie de Jonghek eta Koilara Teatrok beren azken lanak aurkeztuko dituzte irailaren 10etik 13ra egingo den azokan, eta Euskal Herriko arte eszenikoetako 40 profesional baino gehiago ere bertaratuko dira

Euskal Herriko kale-arteak nazioarteko programatzaileen eta profesionalen aurrean erakusteko hitzordu nagusietako bat izango da aurten ere Fira Tàrrega. Irailaren 10etik 13ra egingo da azoka eta Lasala, Ertza, Marie de Jongh eta Koilara Teatro euskal konpainiek beren lanak aurkeztuko dituzte. Deneram euskal arte eszenikoetako 40 profesional, programatzaile eta ordezkari baino gehiago bertaratuko dira.

Euskal sorkuntzak lau proposamen desberdinen bidez hartuko du parte Tàrregako programazioan. Dantza, kale-antzerkia, klowna eta antzerki fisikoa uztartzen dituzten lanek, gainera, gaur egungo hainbat auzi sozial jarriko dituzte erdigunean: lanaren eta kontsumoaren presioa, esplotazio-modu berriak, turistifikazioa eta botere-harremanak.

Lasalak Burnt aurkeztuko du, gero eta zorrotzagoa eta exijenteagoa den gizarte batean bizi den akidurari buruzko gogoeta. Konpainiak kontsumoaren eta etengabe distiratu beharraren logikarekin lotzen du burnouta, eta dantza baliatzen du presio horrek gorputzetan dituen ondorioez hitz egiteko. Irailaren 10ean eta 11n izango dira emanaldiak.

Ertzak, berriz, Un’we eramango du Tàrregara. Dantza garaikideko piezak lan-esplotazioaren forma berriak, muturreko indibidualismoa eta sare sozialekiko mendekotasuna ditu abiapuntu. Bi protagonistek bizirauteko ahalegin amaigabean harrapatuta dauden pertsonaiak irudikatzen dituzte, lanaren eta urrun dagoen familiarekiko konpromisoaren gurpil amaigabean. Irailaren 10ean eta 11n taularatuko dute.

Marie de Jonghen Bo familia kale-antzerki ibiltariak, aldiz, turistifikazioa eta botere-abusua umorearen bidez jorratuko ditu. Mr. Bueno da protagonistetako bat: nahi duen guztia bereganatu eta ingurukoak bere zerbitzura jartzea espero duen turista. Komedia eta kalea erabiliz, lanak kanpotik datozen bisitarien eta lurraldea bizi dutenen arteko harremanez ere galdetzen du. Irailaren 10etik 12ra izango dira emanaldiak.

Azkenik, Koilara Teatrok ** La llegada ** aurkeztuko du. Klowna, antzerki fisikoa eta hitzezko jolasa uztartzen dituen proposamenean, estralurtarren ontzi baten etorreraren berri zuzenean ematen ari diren bi kazetariren begietatik eraikitzen da kontakizuna. Egoera absurdoek eta pertsonaia bitxiek ikuslea ustekabeko topaketa baten erdian kokatuko dute. Irailaren 11tik 13ra izango dira emanaldiak.

Euskal sorkuntzaren nazioarteko zirkuitua

Fira Tàrregako presentzia euskal sorkuntza garaikidearen nazioartekotzearekin lotuta dago. Azokak arte eszenikoetako profesionalak, artistak eta programatzaileak biltzen ditu urtero, eta euskal konpainientzat beren lanak erakusteaz gain, nazioarteko sare profesionaletan harremanak sortzeko aukera eskaintzen du.

Testuinguru horretan, irailaren 12an Basque. Performing Arts. jardunaldi profesionala egingo da. Helburua euskal sortzaileen eta nazioarteko programatzaile eta profesionalen arteko harremanak sendotzea eta lanen zabalkunderako bide berriak irekitzea da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna