Pedro Canok 2006an egindako margolana (argazkia: EHU)

Pedro Canoren ‘Bidaia kaierak’ erakusketa ikusgai izango da Bizkaia Aretoan

Margolariaren lana irailaren 9tik urriaren 5era egongo da ikusgai Bilboko Bizkaia Aretoko Oteiza erakusgelan

Bidaiak, paisaiak eta bizipenak marrazki eta kolore bihurtu ditu Pedro Canok hamarkadetako ibilbidean. Margolariaren Bidaia kaierak erakusketa irailaren 9tik urriaren 5era egongo da ikusgai Bilboko Bizkaia Aretoko Oteiza erakusgelan. Erakusketarekin emango dio hasiera EHUko kultur programazioak 2026-2027 ikasturteari.

Irekiera ekitaldia irailaren 9an izango da, 18:30ean. Bertan, Canok solasaldia egingo du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariarekin, Hitzezko eta kolorezko bidaiak museoan izenpean. Solasaldia Irati Agirreazkuenaga EHUkulturaren Bizkaiko zuzendari eta EHUko irakasleak gidatuko du.

Erakusketak, gainera, beste zubi bat eraikitzeko balioko du datozen hilabeteetan: EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleen eta Bilboko kultur erakundeen artekoa. Canoren lana abiapuntu hartuta, Arte Ederretako eta Arkitekturako ikasleek beren pieza propioak sortuko dituzte, Bidaia kaierak erakusketak proposatzen duenari erantzunez. Ikasturteko bigarren lauhilekoan, ikasleen lan horiek Oteiza erakusgelan bertan erakutsiko dituzte.

Ekimenak, beraz, erakusketa-aretoa ikasleen ekoizpen artistikoaren eta ikerketaren erakusleiho bihurtzeko asmoa du. Urritik aurrera, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle, irakasle eta ikerketa-taldeen lanak hartuko ditu aretoak, eta urteroko programazioa antolatzeko batzorde bat eratuko da.

Horrez gain, ikasleen prestakuntza artistikoa aberasteko jarduerak sustatu nahi ditu fakultateak inguruko kultur erakundeekin elkarlanean. Horren barruan kokatzen da Canoren erakusketaren inguruan egingo den proposamena, eta etorkizunean Bilboko Guggenheim Museoarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin ere lankidetzarako dinamikak garatu nahi dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna