Kontzertuak, arte biziak, zinema, familia jarduerak, ikastaroak eta liburu aurkezpenak izango dira Lazarraga Kultur Elkarteak udazkenerako prestatu duen egitarauaren parte.
Udazkeneko kultur eskaintza aurkeztu du Lazarraga Kultur Elkarteak Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK). Elkarteak kudeatzen duen espazioak hirugarren udazkenari ekingo dio, eta euskarazko kulturari leku berezia eginez, musikatik eta arte bizietatik zinemara, prestakuntzara eta familia jardueretara doan egitaraua prestatu du.
Zuzeneko musikak presentzia handia izango du datozen hilabeteetan. Ingudea zikloaren barruan Gartxot, Lumi eta XAK ariko dira, eta antzerkiak ere izango du bere tartea Gabia zikloaren bidez, Margarita Molotov eta Harrapakalan lanekin. Gainera, udazken honetan estreinatuko da IAKantuan, kantuari eta abesbatzen zuzeneko emanaldiei eskainitako programa berria. Amalur eta Nomaziak abesbatzen kontzertuez gain, Kantalab ikastaroak osatuko du ekimena.
Eskaintza ez da musikara mugatuko. Umorea, antzerkia, dantza eta beste hainbat diziplina ere izango dira IAKren programazioan, besteak beste, Katakunba bakarrizketak, Gailu, Estoldetan, Amorante, Aitona Zittalak eta Galbahe. Kulturguneak, gainera, Aitzina Folk jaialdiarekin elkarlanean jarraituko du eta lehen aldiz Sukhartea eta Fiar Festival ekimenekin ere arituko da.
Lehiaketek, tailerrek eta deialdiek ere izango dute lekua. Irailaren 7an Bagare ikerketa-bekaren edizio berria zabalduko da, Araban estrategia kultural euskaltzaleak sustatzeko. Urrian, berriz, IAKren II. Bideoklip Lehiaketan parte hartzeko aukera egongo da. Kantalab eta EJE ikastaroak ere udazkenean egingo dira.
Familientzako eskaintzari dagokionez, Xirribit (irailak 12), Gezur gehiegi, Txoborro magoaren ikuskizuna (irailak 20), Teloia ireki aurretik, Ortzadar tailerra eta Basoko aztarnak tailerra (urriak 24) izango dira. Gabonetako egitaraua aurrerago aurkeztuko dute.
Zinemak, bere aldetik, Euskal Zinema Zikloarekin jarraituko du, Oteiza, 14 apostulu eta Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako lanekin. Azaroan GazteFilm Fest eta Afrikaldia jaialdiekin elkarlanean ere arituko da IAK, eta Txiki Zinema eta Euskara Pantaila Handian zikloek jarraipena izango dute.
Literaturak ere izango du bere lekua, Arabako bi idazleren lanen aurkezpenekin: Ruben Sanchezen Mundu guztiak eta Aitor Aranaren Arabako euskara liburua liburuen aurkezpenekin.
Egitaraua, hala ere, ez dago erabat itxita, eta datozen asteetan jarduera eta kontzertu berriak iragarriko dituzte. Programazio eguneratua Izaskun Arrue Kulturgunearen webgunean eta sare sozialetan kontsultatu ahal izango da.