Bilbok dantza bertikalari eskainitako IV. Topaketa hartuko du, irailaren 17tik 20ra

Lau egunetan zehar, El Fango Kiroldegian tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, jam session-ak eta sorkuntza-saioak egingo dira, diziplina horren inguruan esperientziak eta jakintzak partekatzeko.

Bilbok dantza bertikalaren inguruko sorkuntza eta hausnarketa gune bihurtuko du berriz ere El Fango Kiroldegia, irailaren 17tik 20ra. Dantza Bertikalaren IV. Topaketak Europatik eta beste lurralde batzuetatik etorritako dantzari eta koreografoak bilduko ditu, eta tailerrak, mahai-inguruak, ponentziak, jam session-ak, hitzaldiak eta bideo-sorkuntzarako saioak izango dira lau egunetan zehar.

Aurtengo edizioak inoiz baino izaera nazioartekoagoa izango du, besteak beste, Kaliforniatik, Portugaletik eta Kataluniatik etorritako irakasleen parte-hartzearekin. Horrela, dantza bertikala lantzeko eta esperientziak partekatzeko topagunea ez ezik, hainbat jatorritako sortzaileen arteko harremanak sustatzeko espazioa ere izango da Bilboko hitzordua.

La Glo Dantza Zirkoa konpainiak laugarren urtez antolatu du topaketa, Zirkualde programazioaren barruan. Gloria Peonek 2006an sortu zuen konpainia, Euskal Herriko dantza bertikaleko lehen taldeetako bat, eta aurten bi hamarkada beteko ditu zirkoa eta dantza bertikala uztartzen dituen ibilbideak. Peon antzerkiaren mundutik hurbildu zen diziplina horretara, eta hasieratik planteamendu berritzailearekin landu du.

Pedagogiarena da La Glok oso modu nabarmenean aldarrikatzen duen beste alorretako bat. Horren erakusgarri da Dantzaka Zirko Espazioa, Ibarrekolandan sortzaileek dantza bertikalean eta zirkuan trebatzeko eta entrenatzeko duten gunea. Topaketaren harira, gainera, espazio hori ezagutzeko eta La Glorekin egoteko aukera eskaini dute, Pintores Arrue kaleko 16. zenbakian, Dantzerti eta Musika Kontserbatorioaren ondoan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna