Ipar Eszena Bideak sei ikuskizun eramango ditu Nafarroako hainbat agertokitara udazkenean

Irailaren 25etik azaroaren 14ra bitartean, Euskal Herriko eta kanpoko konpainiek euren lanak erakutsiko dituzte Iruñean, Vianan, Arangurenen, Zizur Nagusian, Altsasun eta Zangozan

Euskal Herriko hainbat agertokik hartuko dituzte udazken honetan Ipar Eszena Bideko proposamenak. Irailaren 25etik azaroaren 14ra bitartean, Euskal Herriko lau konpainia eta Galiziako eta Kantabriako beste hiru talde arituko dira Iruñean, Vianan, Arangurenen, Zizur Nagusian, Altsasun eta Zangozan. Hala, antzerkia, dantza, zirku garaikidea eta bestelako arte eszenikoak jasotzen ditu programak.

Eszena Taupadak lelopean, zortzigarren edizioak 18 konpainia bilduko ditu Konstelazioen Ibilbidea izeneko programan. Herrialde bakoitzeko hiru talde aukeratu dituzte, eta haien lanak gainerako herrialdeetako agertokietara eramango dituzte.

Euskal Herrikoen artean, Zirkozaurre, Tartean eta Ados konpainiak izango dira Nafarroako sei hitzorduetako protagonistak. Baina trukea ez da norabide bakarrekoa izango: Nafarroatik Hodei Magoa, Dinamo Danza eta Punto Gunea konpainiek ere beste lurraldeetako agertokietan aurkeztuko dituzte euren lanak.

Ikuskizunak

Lehen hitzordua irailaren 25ean izango da, Vianan. Zirkozaurrek Ardatzak lana aurkeztuko du 19:00etan San Pedroko hondakinetan. Eguraldi txarra eginez gero, San Frantzisko komentuan egingo da emanaldia.

Urriaren 10ean, Tartean Teatrok Non dira haurrak? obra taularatuko du Iruñeko Civivox Pompelo aretoan, 19:30ean.

Hilo Producciones konpainiak Atra Bilis eramango du Arangurengo Kultur Etxera urriaren 18an, 19:00etan.

Azaroaren 6an, Teatro de Ningures talde galiziarrak Las guardianas o el nudo del tejedor aurkeztuko du Zizur Nagusiko Kultur Etxean, 20:00etan.

Azaroaren 14an, bi proposamen izango dira Nafarroan. Trueba & Trueba talde kantabriarrak El último aullido eskainiko du Altsasuko Iortia Kultur Gunean, eta Ados Teatrok 52 Hercios Zangozako Carmen Auditorioan. Bi emanaldiak 19:30ean izango dira.

Zabaldu:

Utzi erantzuna