(argazkia: Animadeba)

Animadebak animazio analogikoaren eta artisau-sorkuntzaren alde egingo du 19. edizioan

Irailaren 9tik 12ra egingo dute Debako Nazioarteko Animazio Zinemaldia, eta Špela Čadež eta Hugo Covarrubias egileek parte hartuko dute; euskal animazioari egindako aitortzan, EITB Saria Jose Luis Agredak jasoko du.

Adimen artifizialak eta teknologia berriek ikus-entzunezkoen sorkuntza-prozesuak eraldatzen ari diren honetan, animazioaren beste egiteko modu batzuei erreparatuko die aurten Animadebak. Debako Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren 19. edizioak animazio analogikoa eta artisau-sorkuntza aldarrikatuko ditu, lanaren eta sorkuntza-prozesuen balioa erdigunean jarriz. Irailaren 9tik 12ra, nazioarteko film laburrak, euskal animazioa, profesionalentzako jardunaldiak, haurrentzako saioak eta zuzeneko musika uztartuko ditu jaialdiak.

Gainera, aurtengo edizioak nazioarteko bi sortzaileren presentzia izango du: Špela Čadež animatzaile esloveniarra eta Hugo Covarrubias txiletarra. Azken hori Oscar sarietarako izendatu zuten Bestia film laburragatik. Bi egileen lanek animazioaren hizkuntza eta teknikak lantzeko moduen inguruko begirada ezberdinak ekarriko dituzte Debara.

Euskal animazioari ere tarte berezia egingo dio jaialdiak. Ostiralean, EITB Saria Jose Luis Agreda ilustratzaile eta zuzendari artistikoari emango diote, bere ibilbidea aitortzeko. Ekitaldiaren barruan, gainera, Dekoratua film luzea proiektatuko dute.

1.467 lanetatik 41 film lehiara

Lehiaketaren atalak osatzeko, 1.467 lan jaso ditu Animadebak, eta horietatik 41 film labur hautatu dituzte. Sail Ofizialean eta Panorama atalean hamar herrialde baino gehiagoko sortzaileen lanak ikusi ahal izango dira, hainbat teknika eta gai uztartuz. Zuzendari Berriak EHU sailean, berriz, zinegile gazteen proposamenak izango dira lehian.

Edizio honetan bi atal berri ere estreinatuko dituzte. Animatxiki 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako saila izango da, eta animazioa familian ezagutzeko aukera eskainiko du. Saioak osatzeko, EITBko Makusi plataformako eduki bereziak ere proiektatuko dituzte. Epaimahai Gazteak, bestalde, gazteen begirada lehiaketara ekarriko du.

Zinematik harago

Animadeba Lab guneak, bestalde, ikus-entzunezkoen industriari lotutako jarduerak bilduko ditu. Profesionalentzako topaketak, proiektuen aurkezpenak eta masterclass-ak egingo dituzte, sorkuntza eta industriaren arteko harremanak sustatzeko.

Gaueko programazioan, berriz, musika izango da nagusi. Sara Zozaya, Maskak eta Suaren kontzertuak iragarri dituzte, eta DJ Siwanabak ere girotuko ditu gaueko saioak.

Lau eguneko egitarauaren bidez, beraz, animazioaren hainbat aurpegi elkartuko ditu Animadebak: teknika analogiko eta artisauetatik hasi, sortzaile berrien proposamenetara eta industriaren erronketara; ikus-entzunezko sorkuntza ez ezik, haren inguruko komunitatea ere bilduko da Deban.

Jaialdia amaitu ondoren, gainera, proiektatutako filmak Filmin plataforman ikusi ahal izango dira.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna