May Gorostiaga

May Gorostiagaren ‘Berriro mundu berri bat’ nagusitu da Iruñeko Haurrentzako Antzerki Testuen lehiaketan

Tolosako sortzailearen lana izan da euskarazko modalitateko irabazlea, eta 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, obra Nafarroako Antzerki Eskolan taularatzeko aukera ere izango du.

May Gorostiagaren Berriro mundu berri bat izan da Haurrentzako Antzerki Testuen XXXV. Lehiaketako euskarazko modalitatearen irabazlea. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatzen duten lehiaketaren aurtengo edizioan, hamar lan aurkeztu dira euskaraz; gaztelaniazko modalitatean, berriz, 120 lan jaso dituzte.

Epaimahaiaren arabera, Gorostiagaren lana “dibertigarria” da, eta gaur egun pil-pilean dauden gaiak lantzen ditu, haurren intereseko ikuskizun bihurtzeko aukerarekin. Gainera, ekintza toki bakarrean gertatzen denez, formatu eta tamaina ezberdinetako espazioetan taularatzeko moduko proposamena da.

Berriro mundu berri bat lanaren protagonistak Sorkun eta Ekine dira. Ganbarara joaten dira, beraiek “Sorkuntza garrantzitsuen laborategia” deitzen duten espaziora, asmakizunak sortzera. Haien irudimenak ez du mugarik, Marmitako lagunaren eta izebaren babesarekin, baina Ilun Jauna agertuko da haien sorkuntzen argia itzaltzeko mehatxuarekin.

Manuel Maria Gorostiaga Pozo, May Gorostiaga, pailazoa, narratzailea, aktorea, irakaslea, sortzailea eta antzerki-zuzendaria da. Tolosan jaioa, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du egina, eta umorearen baliabide klasikoak bestelako adierazpideekin uztartzen ditu. 2006an, Bea Larrañagarekin batera, Intujai Teatro proiektua sortu zuen.

Gorostiagak 3.000 euroko saria jasoko du, eta haren lana azaroaren amaieran estreinatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Egileak berak, Intujai konpainiak eta Nafarroako Antzerki Eskolak zuzenduko dute antzezpena. Ondoren, bi lan sarituekin eskola-kanpaina egingo dute.

Rocio Bello eta Javier Hernandoren Macarrones con tomate

Gaztelaniazko modalitatean, bestalde, Rocio Bello eta Javier Hernandoren Macarrones con tomate izan da irabazlea. Epaimahaiak lanaren antzerkigintza-eraikuntzaren garbitasuna eta soiltasuna nabarmendu ditu, baita idazketaren eta pertsonaiaren ahotsaren arteko koherentzia ere. Lanak aitona galdu ondoren harrera-familia batekin bizitzera doan haur baten egokitze-prozesua kontatzen du.

Lehiaketaren helburua haurrei zuzendutako antzerkigintza sustatzea eta antzerki garaikidea bultzatzea da, txikienen aberastasun kultural eta artistikoa handitzeko. Guztira, 130 lan aurkeztu dira aurtengo edizioan, eta gaztelaniazko modalitatean Latinoamerikako egile ugarik ere parte hartu dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna