Urritik urtarrilera bitartean, liburu aurkezpenak, bertso saioak eta hainbat hitzaldi eta prestakuntza proposamen izango dira Usurbilgo Emakumeon Etxean. Jabetza eskolako zortzi ikastaroek eta aholkularitza zerbitzuek ere osatuko dute udazkeneko eta neguko egitaraua.
Usurbilgo Emakumeon Etxeak urritik urtarrilera bitarteko programazioa prest du dagoeneko. Etxez etxe banatuko dute egitaraua egunotan, eta, ohiko moduan, askotariko jarduerak izango dira tartean: kultur ekitaldiak, hitzaldiak, Jabetza eskolako ikastaroak eta aholkularitza zerbitzuak.
Kultur eskaintzari dagokionez, Onintza Enbeitak Bizitza baten txatalak, andre bat lurrari emana liburua aurkeztuko du urriaren 1ean. Urriaren 21ean, berriz, Naroa Mirallesek emakumeen gorputz-irudiaren eta kirolaren inguruko hausnarketa egingo du, Emakumea, gorputz-irudia eta kirola: presioetatik ongizatera hitzaldian. Azaroaren 13an, Agurtzane Alkorta Urdampilletak Emakumea eta ariketa fisikoa saioa eskainiko du.
Abenduaren 17an, Oihana Aranaren Zerua hemen liburua aurkeztuko dute bertsotan, egilearekin eta Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariekin batera. Programazio kulturala urtarrilaren 21ean amaituko da, Itzali eta piztu bertso-saio musikatuarekin.
Jabetza eskola
Jabetza eskola ere nabarmentzen da udazkeneko programazioan. Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 14tik 25era egongo da zabalik, eta [email protected] helbidera idatzita, 943 73 71 12 telefonora deituta, WhatsApp bidez 688 63 44 39 zenbakira idatzita edo Emakumeon Etxera bertara joanda egin ahal izango da.
Aurtengo eskaintzan aurreko edizioetako ikastaroak eta berriak uztartu dituzte, talde sustatzaileak eta ekainean egindako topaketan jasotako ekarpenak kontuan hartuta. Besteak beste, twerk-a (booty dance), oinarrizko elektrizitatea, zoru pelbikoa, batukada feminista, mendi irteerak eta biodantza izango dira. Horrez gain, Marisa Hurtadok Emakume filosofo errepublikazaleak etxe bila erbestean ikastaroa eskainiko du, eta Johanna Bermeok Arnasa hartu eta sentitu proposamena gidatuko du, Maitelan zaintza kooperatibarekin elkarlanean.
Prestakuntzarekin batera, aholkularitza zerbitzuak ere eskainiko dira: zaintzaile profesionalentzako arreta aholkularitza, aholkularitza juridiko eta psikosoziala eta aholkularitza psikologikoa.
Bestalde, Emakumeon Etxeak liburutegi feminista ere badu, eta urte osoan zehar bertako liburu feministak maileguan hartzeko aukera eskaintzen du.
Ikasturte berriarekin batera, harrera ordutegi berria ere izango du Emakumeon Etxeak: astearte eta ostegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.