UEUk eta Euskaltzaindiak 5.000 euroko diru-poltsa eskainiko dute euskarazko ikerketa zientifikoaren egoera, aitortza eta etorkizuneko erronkak aztertzeko. Eskaerak irailaren 14tik urriaren 16ra aurkeztu ahal izango dira.
Euskarazko ekoizpen zientifikoaren egoera aztertzeko ikerketa-beka abiatu dute Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskaltzaindiak. Euskarazko ekoizpen zientifikoa: egoera, azterketa konparatiboa eta etorkizunerako proposamenak prestigioa handitzeko izeneko deialdiaren bidez, euskarazko aldizkari zientifikoen eta euskaraz ikertzen dutenen egoera aztertu nahi dute.
Deialdia Inguma Euskal Komunitate Zientifiko-intelektualaren datu-basearen 25. urteurrenaren testuinguruan kokatzen da. UEUk sortutako datu-baseak mende laurden bat darama euskarazko goi-mailako ekoizpena bildu, katalogatu eta eskuragarri jartzen, eta oraingo ikerketan erreferentzia nagusietako bat izango da.
Ikerketak euskarazko ekoizpen zientifikoaren bolumena, dibertsitatea eta ikusgarritasuna aztertuko ditu, baita haren inpaktu akademikoa, finantzaketa-iturriak eta ebaluazio-irizpideak ere. Horrez gain, ikertzaileek euskaraz ekoizteko dituzten oztopoak eta aukerak aztertuko dira, eta bereziki erreparatuko zaio euskaraz egindako ekoizpen zientifikoa zenbateraino aitortu eta sustatzen den.
Izan ere, deialdiaren testuinguruak aipatzen du artikulu zientifikoen prestigioa, oro har, jasotzen duten aipu kopuruaren arabera neurtzen dela. Euskaraz argitaratutako lanek, ordea, hedapen mugatuagoa izan dezakete, eta horrek aipu gutxiago jasotzea ekar dezake, nahiz eta horrek ez duen zertan lanaren ekarpen zientifikoaren balioa islatzen.
Ikerketak, halaber, Euskal Herriko egoera beste errealitate batzuekin alderatuko du, Kataluniakoa kasu, eta ikerketarako dirulaguntza-deialdiek, datu-baseek, kalitate-adierazleek eta ebaluazio-sistemek euskarazko ekoizpena zenbateraino aitortu eta laguntzen duten aztertuko du. Etorkizuneko erronkak eta aukerak ere identifikatu nahi dituzte, besteak beste, euskaraz argitaratzeko arrazoiak.
5.000 euroko diru-poltsa izango du bekak, eta banaka zein horretarako osatutako lantaldeek eskatu ahal izango dute. Eskatzaileek C1 maila edo baliokidea izan beharko dute euskaraz, eta proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egin beharko dituzte. Ikerketaren iraupena gehienez sei hilabetekoa izango da.
Eskaerak irailaren 14tik urriaren 16ra aurkeztu ahal izango dira, UEUren webguneko inprimakiaren bidez. Ebazpena urriaren 23rako jakinaraziko dute.