Hirugarren edizioa irailaren 26an eta 27an egingo da Larraulen eta Alkizan. Sei dantza-pieza eta bi tailer eskainiko dituzte, landa-ingurunea, ondarea eta sorkuntza garaikidea elkarrizketan jartzeko. Jarduera guztiak doakoak izango dira.
Dantza garaikidea hiriguneetako ohiko agertokietatik atera eta Gipuzkoako landa-inguruneetara eramango du berriro LABO GEO. Gorputza eta Ondarea programak. Hirugarren edizioak Larraul eta Alkiza izango ditu geltoki irailaren 26an eta 27an, hurrenez hurren, eta udalerri bakoitzean hiru dantza-pieza eta herritarrei irekitako tailer bana egingo dituzte.
Natura, ondarea, paisaia eta dantza garaikidea elkartzea da egitasmoaren oinarrietako bat. Ohiko espazio eszenikoetatik kanpo, proposamen artistikoak egiten diren ingurunearen parte bihurtzea bilatzen du LABO GEOk, eta, aldi berean, sorkuntza garaikidea publiko berriengana hurbiltzea. Horretarako, lengoaia garaikide eta esperimentalak lantzen dituzten lanak eta sustraiekin eta tradizioarekin lotura duten piezak uztartuko dituzte.
Larraulgo egitarauari dagokionez, hilaren 26an, Oihana Vesgaren Iada bazegoen dantza tailerrarekin hasiko da, 10:00etan. Ordubeteko saioaren ondoren, 12:00etatik aurrera, hiru dantza-lan ikusi ahal izango dira.
Vesgak Sonus Fossio aurkeztuko du; Compañía X-k, Eta orain zer?; eta Valeria Polorenak, El cuerpo tartamudeando en la proximidad de un signo futuro.
Alkizan, irailaren 27an
Hurrengo egunean Alkizara egingo du jauzi LABO GEOk. Asier Zabaletak Hitz gabe, esan tailerra eskainiko du 10:00etatik 11:00etara, eta eguerdian hasiko dira dantza emanaldiak.
Aldaketa dantza konpainiak El mambo que llevamos dentro eramango du bertara; DAB dantza konpainiak, Kea; eta Ertzak, UN’WE.
Bi herrietako tailerrak zein ikuskizunak publiko guztiari irekita egongo dira, eta sarrera libre eta doakoa izango da.
LABO GEO 2017an Donostian NODE dantza eta performance konpainiaren eskutik sortutako LABO programaren hiru zikloetako bat da. Gipuzkoako udalerri txikietara dantza eta praktika artistiko garaikideak eramatea du bereziki helburu, sorkuntzarako espazio eta publiko berriak sortuz.