(argazkia: Iker Azurmendi)

Isabel Coixetek collagearen bidez ordenatu du kaosa Donostiako erakusketa berrian

Zinegileak Erroman, New Yorken eta Montolieun sortutako 60 collage baino gehiago bilduko ditu San Telmo Museoak irailaren 11tik azaroaren 1era. Eskuz zein teknika digitalen bidez egindako lanek oroitzapenak, erreferentzia pertsonalak eta aurkitutako irudi eta objektuak nahasten dituzte.

Isabel Coixet kameraren atzean egindako lanagatik da batez ere ezaguna, baina azken urteotan zinemarekin batera beste sormen bide bat ere landu du: collagea. Alderdi ezezagunago hori ezagutzeko aukera emango du Donostiako San Telmo Museoko Kaosaren diziplina erakusketak, azaroaren 1era arte.

Laborategia aretoan ikusgai izango da erakusketa eta 60 collage baino gehiago biltzen ditu, Coixeten bizitoki izandako hiru lekutan sortuak: New Yorken, Erroman eta Montolieun, Frantziako hegoaldean. Eskuz nahiz teknika digitalen bidez egindako lanak dira, eta argazkiak, ebakinak, testuak eta aurkitutako objektuak erabiltzen ditu zinegileak konposizio berriak eraikitzeko.

Oroitzapen eta erreferentzia pertsonalak beste bizitza batzuetako arrastoekin eta jatorri oso desberdineko irudiekin gurutzatzen dira collageetan. Coixetek berak erakusketarekin batera argitaratutako testuan azaltzen duenez, marraztu nahi zuena nahi bezala marrazteko gai ez zelako hasi zen collageak egiten. Denborarekin, ordea, berezko sormen hizkuntza bihurtu da harentzat.

Zinemaren eta collagearen arteko lotura ere agerian uzten du egileak. Kamera astunegia egiten zaionean, gidoia tranpa bihurtzen denean edo hitzak zailtzen direnean, guraizeak hartu eta lehendik existitzen den materialetik abiatzen dela dio. Moztea, berriro itsastea eta elementuak aurreko ordenatik ateratzea ditu lan egiteko modu: dagoenari beste esanahi bat ematea.

Hiru hiri, hiru giro

Collageak sortutako tokiak ez dira atze-oihal hutsak. Coixeten arabera, hiru hiriek modu desberdinean eragin dute haren lan egiteko moduan.

Erroman argia, hondakinak eta edertasunaren eta dekadentziaren arteko nahasketa aurkitu zituen. Trasteveren bizi zela, inguruan ikusten zuen guztia collage handi baten moduan hautematen zuen: historiaren geruzak bata bestearen gainean, hauteskunde kartelak opera kartelen gainean edo iraganeko aztarnak gaur egungo irudiekin nahastuta.

New Yorkek, berriz, abiadura ekarri zion. Bertan egindako collageak presaka, modu zuzenago eta zaratatsuagoan sortu zituela azaldu du. Aldizkariak, kalean aurkitutako liburuak eta hiriko irudi ugaritasuna bihurtu ziren lehengai.

Montolieun sortutako lanak bestelakoak dira. Liburu zaharrez betetako Frantziako herri horretan collage “isilagoak” eta “bitxiagoak” egin zituen, botanikako grabatuak, intsektuen katalogoak eta XIX. mendeko emakumeen erretratuak bezalako materialetatik abiatuta.

Coixetek ez die definizio itxirik eman nahi lan horiei. Pieza batzuk hilabetez blokeatuta eduki dezaketela dio, eta beste batzuk bat-batean sortzen zaizkiola. Baina argi du ezaugarri bat: zintzotasuna. Bere hitzetan, pentsatzeari utzi eta “ebakitzen, berregiten, birkokatzen eta esanahi berri bat ematen” hasi ondoren geratzen dena dira collageak.

Kaosaren diziplina 2025ean aurkeztu zuten lehen aldiz Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoan, PhotoEspaña jaialdiaren barruan, eta Donostiara hainbat lan berrirekin iritsi da. Erakusketarekin batera, San Telmo Museoak liburuxka bat ere argitaratu du, Isabel Coixeten beraren, Laura Ferrero kazetari, idazle eta gidoigilearen eta Estrella de Diego arte historialariaren testuekin.

Donostiako Zinemaldiaren lankidetzarekin antolatutako erakusketa da eta San Telmo Museoko Laborategia aretoan izango da ikusgai azaroaren 1era arte. Sarrera doakoa izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna