Bizkaiko Emakumeen Sarea Esparru Kulturalean ekimenaren lehen topaketa irailaren 21ean eta 22an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Karmele Jaio, Afrika Bibang, Laura Sam, Nagore de los Rios, Olaia Valle eta beste hainbat sortzaile eta profesional bilduko ditu, solasaldi, tailer, mentoretza eta emanaldien bidez esperientziak partekatu eta sektorearen beharrak identifikatzeko.
Bizkaiko kultura- eta sormen-sektorean lan egiten duten emakumeak elkartu, elkar ezagutu eta haien errealitatearen erretratu kolektiboa egiteko sortu da BESEK, Bizkaiko Emakumeen Sarea Esparru Kulturalean. Lehen topaketa irailaren 21ean eta 22an egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian, eta gogoeta, prestakuntza, zuzeneko sorkuntza eta profesionalen arteko harremanak uztartuko dituen egitaraua prestatu dute.
Musika, literatura, dantza, podcastak, arte plastikoak, diseinua edota asoziazionismoa gurutzatuko dira bi egunetan. Zaintzak eta osasun mentala, proiektuen finantzaketa, adimen artifizialaren erabilera, landa-ingurunean sortzea edo kultur sektoreko sareen garrantzia ere izango dituzte aztergai.
BESEKeko arduradun Nerea Albinarrate eta Paula Bañuelosen arabera, helburua da “bi egunez, jakintzagai, adin, jardunbide eta errealitate ezberdinetako emakumeak biltzea”, ezagutza partekatzeko eta topaketatik harago iraungo duten loturak sortzeko. Ekimenaren abiapuntua ere zehaztu dute: “BESEK ez da sortu emakumeak sormen- eta kultura-sektorean bizi duen egoerari buruzko kritikatik, ekintza kolektibotik baizik”.
Programa osatzeko, hainbat esparrutako profesionalek osatutako talde eragile baten ekarpenak jaso dituzte. Anita Hichaicoto, Andrea Momoito, Elisa de los Reyes, Laurita Siles, Mabi Revuelta, Eva Guerrero, Irene Diez eta Izaskun Jimenez aritu dira lanketa horretan, besteak beste. Landatasuna, belaunaldiartekotasuna, irisgarritasuna eta migrazioa bezalako ikuspegiak programan txertatzea izan da lan horren helburuetako bat.
Sormenaz hitz egin, baita zalantzez ere
Solasaldi eta tailerretan kultur jardunaren alde ez hain ikusgarriak ere mahai gainean jarriko dituzte. Angela Alonso, Karmele Jaio eta Soraya Vegas, esaterako, sormen-prozesuetan ezkutuan geratu ohi diren blokeoez, inspirazio faltaz, beldurrez eta bestelako krisiez ariko dira.
Lidia Kinson, Maitane San Nicolas, Cristina Guezuraga eta Isabel Tomasen solasaldiek, berriz, zentro nagusietatik urrun sortzea, zaintzak proiektu jasangarriak eraikitzeko egitura gisa ulertzea eta sareek zein ekintza kolektiboak kultur sektorean duten egitekoa izango dituzte hizpide.
Prestakuntzarako tartea ere izango da. Nagore de los Riosek proiektu baten kontakizuna eta balio bereizgarria lantzeko tailerra emango du; Jemima Canok finantzaketa eta jasangarritasun ekonomikoa landuko ditu; Leire Legarretak adimen artifizialaren bidez zeregin burokratikoak automatizatzeko aukerak erakutsiko ditu; eta Valentina Pinuerrek estres iraunkorraren eragina aztertuko du. Tailer horietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.
Emakumeen ahotsetatik abiatutako Liburu Zuria
Topaketaren ildo nagusietako bat, hain zuzen ere, sektorean lan egiten duten emakumeei zuzenean entzutea izango da. Horretarako, Liburu Zuriaren Laborategia: Kartografia Kolektiboa izeneko bi saio egingo dituzte.
BESEKek abuztuan abiatu zuen prozesuari jarraipena emango diote laborategiek. Bizkaiko kultura- eta sormen-ekosisteman dauden oztopoak, beldurrak eta beharrak identifikatu nahi dituzte, baina baita sektoreak dituen baliabideak, talentua eta gaitasunak ere.
Bañuelosek azaldu duenez, “guk ezin dugu zehaztu zein diren sortzaileen beharrak; horregatik, galdetu eta entzun nahi dugu”. Haren esanetan, “zenbat eta ikuspegi gehiago ezagutu, orduan eta adierazgarriagoa eta erabilgarriagoa izango da BESEK”.
Bildutako informazioa BESEK Liburu Zuria osatzeko abiapuntua izango da. Bizkaiko kultura- eta sormen-sektorean lan egiten duten emakumeen egoeraren kartografia kolektiboa egin nahi dute, etorkizuneko lan-ildoak haien esperientzia eta beharretatik abiatuta proposatzeko.
Sorkuntza zuzenean
Sorkuntza ez da, ordea, gogoetarako gaia soilik izango. Laura Sam poeta, performer eta musikariak olerki pertsonalizatuak sortuko ditu zuzenean; Olaia Vallek eta Amaia Santamariak Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río dantza garaikideko eta zuzeneko musikako pieza eskainiko dute; eta Olivia Orell kantautoreak kontzertua emango du.
Bestelako sormen-prozesuak ere ezagutzeko aukera izango da. Enara Bravok latxa artilea eraldatzeko prozesua erakutsiko du, eta Estela Miguelek osagai organiko eta biodegradagarrietatik material biooinarrituak sortzeko saioa egingo du. Berta Vittersweetek eta Afrika Bibangek zuzentzen duten Femme podcastak ere emakumeen talentua jarriko du erdigunean.
Programazioaz gain, profesionalen arteko harreman informalak errazteko Topagunea eta proiektuak ezagutarazteko Azoka izango ditu BESEKek, baita banakako doako mentoretzak ere.
Jarduerak doakoak izango dira, nahiz eta horietako batzuetan izena aldez aurretik eman beharko den. Doako kontziliazio-gunea ere izango da, haurren zaintza jardunaldietan parte hartzeko oztopo izan ez dadin. Emakumeei zuzendutako topaketa izan arren, orokorrak diren jardueretan entzule gisa parte hartu nahi duten gizonei ere irekiko zaie.