Irailaren 21era arte, dantzak Miarritze ez ezik Ipar Euskal Herriko kostalde eta barnealdeko hainbat herri hartuko ditu, baita Donostia eta Errenteria ere. Euskal konpainia eta sortzaileen presentzia zabala izango du jaialdiak, dantza klasiko eta garaikideko nazioarteko proposamenekin batera.
Dantzak Euskal Herriko geografia zeharkatzen du egunotan Le Temps d’Aimer la danse jaialdiaren eskutik. Mairritze du erdigune, baina irailaren 21era arteko programazioa Ipar Euskal Herriko kostalde eta barnealdera zabaldu da, eta Hego Euskal Herrian ere izango dira hitzorduak. Guztira, hamazazpi euskal konpainiak hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Baiona, Angelu, Bokale, Donapaleu, Donibane Garazi, Maule, Luhuso, Bastida, Hazparne, Itsasu, Urcuit eta Urt dira jaialdiaren agertokietako batzuk. Hego Euskal Herrian, berriz, Errenteriako Lekuona Fabrikara eta Donostiako Tabakalerara ere iritsiko da egitaraua. Antzokiak ez ezik, plazak, frontoiak eta bestelako espazioak ere dantza-agertoki bihurtuko dira, jaialdiaren mugaz gaindiko izaera indartuz.
Euskal Herri osoko konpainia eta sortzaileen presentzia zabala da aurtengo programazioaren ezaugarrietako bat. Mizel Théret, Collectif Ibawa, CCN Malandain Ballet Biarritz, Oihan Indart, Lucia Lacarra Ballet, Led Silhouette, Bilaka, Elirale, Lasala, Haatik & Jone San Martin, Idoia Rodriguez eta Altraste Danza ariko dira, besteak beste.
Horiez gain, Martin Harriaguek, 2027tik aurrera Malandain Ballet Biarritz zuzenduko duen koreografoak, Ballet de l’Opéra Grand Avignonentzat sortutako Promethée ikusi ahal izango da; baita Iratxe Ansak Ballet de l’Opéra National de Bordeauxrentzat sortutako Joy ere.
Dantza klasiko eta garaikidearen nazioarteko topagunea da Le Temps d’Aimer la danse, eta sektoreko profesional eta programatzaile ugari biltzen ditu. Horrenbestez, jaialdian parte hartzeak beren lanak nazioarteko eragileen aurrean erakusteko eta Frankofoniako zein beste herrialdeetako dantza-zirkuituekin harremanak egiteko aukera ematen die euskal sortzaile eta konpainiei.
Nazioartekotze horretan kokatzen da aurten Donostiako Tabakaleran egin den Basque Dance showcase profesionala ere. Irailaren 12an egin zuten, bereziki Frankofoniako programatzaileei zuzenduta, euskal dantza garaikideko hainbat proposamen zuzenean ezagutarazteko.
Hiru lan aurkeztu zituzten bertan: Compagnie Emilie Camachoren Retour à Itak, Proyecto Larruaren La senior de Larrua eta Osa + Mujikaren Tupper. Emanaldien ondoren, konpainien eta programatzaileen arteko harremanak sustatzeko topaketa egin zuten, etorkizuneko programazio, bira eta lankidetzetarako bideak zabaltzeko.
Euskal konpainien presentzia zabal hori Etxepare Euskal Institutuaren eta Frantziako Koreografia Zentro Nazionala – Malandain Ballet Biarritzen arteko lankidetzaren barruan kokatzen da. Bi erakundeek iaz sinatutako akordioaren bidez, euskal artisten sorkuntza, hedapena eta nazioartekotzea sustatzeko epe luzeko lankidetza garatzen ari dira.