(argazkia: GFA)

Elena Arrese artistak bere obraren arrastoak berreraiki ditu ‘Suturak’ erakusketarako

Tolosako artistaren Suturak: Espazioa eta ibiltariak erakusketak formatu handiko mihiseak, kristalezko kaxetako lanak eta hondakin-materialekin egindako eskulturak bildu ditu Donostiako Santa Teresa Komentuan. Memoria, eguneroko bizitza eta ingurunearekiko harremana ditu abiapuntu, eta urriaren 18ra arte izango da ikusgai.

Zirriborro hautsiak, aurreko lanen zatiak, erretalak eta baztertutako bestelako materialak sorkuntzarako lehengai bihurtu ditu Elena Arrese artista tolosarrak Suturak: Espazioa eta ibiltariak erakusketan. Donostiako Santa Teresa Komentuko Atari espazioaren bi solairuetarako berariaz sortutako proposamena da, eta urriaren 18ra arte dago ikusgai.

Pintura, eskultura eta teknika mistoak uztartuta, baztertutakoari beste aukera bat emateko ideiatik abiatu da Arrese. Aurretik sortutako lanen arrastoak kosmos berri batean txertatu ditu, materialak eraldatzeko eta haiei esanahi berriak emateko.

Artistak azaldu duenez, “Santa Teresan aurkezten dudan obran erabiltzen dudan lehengaia nire bazterkinak dira, zirriborro hautsiak, eta horiekin obra berria sortzen dut”. Prozesu horren bidez, “materia birsortzeko eta eraldatzeko gaitasuna” esploratu duela dio.

Erakusketak, horrela, memoria, afektuak, lurraldea eta eguneroko bizitza gurutzatzen ditu. Baztertutako materialak berreskuratzea ez da baliabide estetikoa soilik: ahaztutako lan eta gaiei bigarren bizitza eman eta ingurunearekin harremanetan jartzeko modua ere bada.

Handitasunetik xehetasunera

Formatu eta eskala desberdinen arteko kontrasteak egituratzen du erakusketaren ibilbidea. Alde batetik, egurrezko bastidoreetan muntatutako formatu handiko mihiseak daude. Donostiako hiri-ingurunea eta hura inguratzen duten landare- eta itsas-elementuak dituzte erreferentzia, kolorearen, energiaren eta materiaren bidez.

Beste muturrean daude kristalezko kaxetan bildutako pieza txikiagoak. Horiek ikuslea gerturatzera eta xehetasunari erreparatzera gonbidatzen dute, ibiltarien intimitateari eta eguneroko bizitzaren aztarnei begiratzeko.

Irudi antropomorfoak dituzten hamahiru eskulturak osatzen dute multzoa: hamar tamaina ertainekoak dira eta beste hiru txikiagoak. Teknika mistoak eta hondakin-materialak erabili ditu Arresek horiek egiteko, erakusketa osoan zehar agertzen den berrerabilpenaren logikari jarraituz.

Suturak: Espazioa eta ibiltariak urriaren 18ra arte bisitatu ahal izango da Santa Teresa Komentuko Atari aretoan. Asteartetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; larunbat eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta igandeetan, 11:00etatik 14:00etara.

Zabaldu:

Utzi erantzuna