Berbagailua gunea, 2025ean (argazkia: Kultur Sharea)

Durangoko Azokak sortzaileei zabaldu die 61. edizioko egitaraua osatzeko deialdia

Azokako zortzi gunetan euren lan eta proiektuak aurkeztu nahi dituzten sortzaileek urriaren 5era arte bidali ahal izango dituzte proposamenak. DA! PRO, Zu Non, Han DA! eta Ikasle Goiza egitasmoetarako izen-emateak ere zabalik daude jada.

Durangoko Azokaren 61. edizioa osatzen hasia da. Abenduaren 4tik 8ra egingo da aurten, eta bertan euren lanak aurkeztu nahi dituzten sortzaileek dagoeneko bidal ditzakete egitaraua osatzeko proposamenak. Deialdia urriaren 5era arte egongo da zabalik.

2026an euskaraz argitaratutako lanak eta euskal kulturarekin lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, Azokako gune bakoitzaren izaeraren arabera. Literaturatik eta musikatik hasi eta ikus-entzunezkoetara, arte eszenikoetara, ilustraziora, podcastetara edo teknologia berrietara arteko sorkuntzek izango dute lekua.

Zortzi gune, askotariko sorkuntzak

Ahotseneak liburu eta diskoen aurkezpenak hartuko ditu; Atarteak, berriz, ilustratzaileen lanak erakutsiko ditu, urteko nobedadeetan argitaratutako irudiekin eta sortzaileen bestelako lanekin.

Berbagailuan euskarazko bideo-podcastei eskainiko dira, eta egileek ez ezik, hedabideek eta plataformek ere aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Irudienean ikus-entzunezkoek izango dute lekua, film labur, dokumental, fikzio eta bestelako egitasmoekin.

Kabian teknologia berriekin lotutako hitzaldi, joko eta tailerrak bilduko dira; Saguganbaran, haurrei zuzendutako literatura eta musika izango da, ikuskizun, kontaketa eta aurkezpenen bidez; eta Szenatokian dantza, antzerkia eta bakarrizketak eramango dituzte taulara, pieza laburren formatuan.

Talaian, azkenik, literaturaz aparteko lan eta proposamenak aurkeztu ahal izango dira, euskarazkoak edo Euskal Herriari zuzenean eragiten dioten gaiekin lotutakoak.

Azokatik harago ere, sortzaileentzako topaguneak

Abenduko bost egunetara mugatu gabe, Durangoko Azokaren inguruan sortzaileentzako beste hainbat egitasmo ere egingo dituzte datozen hilabeteetan.

Horietako bat DA! PRO izango da, sortzaileen eta programatzaileen arteko harremanak sustatzeko topaketa profesionala. Haurrentzako ikuskizunak taularatzen dituzten sortzaileek azaroaren 24an izango dute euren lanak aurkezteko aukera, eta musikarien txanda azaroaren 26an izango da. Bi kasuetan, urriaren 13ra arte eman ahal izango da izena.

Zu Non, Han DA! egitasmoak, berriz, euskal sortzaileak Euskal Herriko liburu-dendetara eramango ditu, liburu aurkezpenak egiteko. Sortzaileek zein liburu-dendariek urriaren 5era arte aurkez ditzakete eskaerak.

Ikasleek ere izango dute beren eguna. Ikasle Goiza abenduaren 4an egingo da, eta ikastetxeetako ikasle eta irakasleei Azoka eta propio prestatutako jarduerak ezagutzeko aukera eskainiko die. Ikastetxeek urriaren 9ra arte eman ahal izango dute izena tailerretan.

Bestalde, Durangoko Azokan erakusmahaia jarri nahi duten argitaletxe, diskoetxe, elkarte eta gainerako eragileentzako izen-ematea irailaren 30era arte egongo da zabalik.

Deialdi horien bidez joango da osatzen abenduaren 4tik 8ra egingo den 61. Durangoko Azokaren egitaraua, euskal kulturako diziplina eta belaunaldi askotako sortzaileen lanekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna