Laurita Siles, Pauline Cholier, Alba de la Portilla, Iratxe Jaio, Víctor Fornies eta La Comunidad Sanguinearen lanak azaroaren 15era arte izango dira ikusgai Iruñeko Mistoen eraikinean.
Familia-memoria, belaunaldien arteko harremanak, ondarea eta nortasuna gurutzatzen ditu Ehuntzen den soka bat erakusketa kolektiboak, Iruñeko Mistoen eraikinean. Mapamunditarrak arte garaikideko programaren 20. urteurreneko edizioaren erakusketa nagusiak adin eta jatorri desberdinetako sei proposamen artistiko bildu ditu, bakoitzak belaunaldien arteko loturei begiratzeko modu propioa eskainiz.
Tim Ingold antropologoaren eredua hartu du abiapuntu aurtengo edizioak, belaunaldiak elkarren segidan datozen talde itxi gisa baino gehiago, denboran zehar ehuntzen den “soka” baten parte gisa ulertzeko. Hala, erakusketako lanek senideen zein ezezagunen arteko belaunaldi-harremanak aztertzen dituzte, eta toki, etxe edo natura-inguruneekin lotutako iruditeriak eraikitzen dituzte.
Familia-memoriatik ondare pertsonalera
Laurita Silesek (Malaga, 1981) Memoria ehuntzen duten emakumeak aurkeztu du, artilea, irudia eta hitza uztartzen dituen pieza-multzoa. Bere familiaren historia du abiapuntu: frankismo garaian Tangerren erbesteratu ziren eta 1980ko hamarkadara arte ez ziren penintsulara itzuli. Ardi-artilearekin egindako tapiz eta bestelako zuntz-piezen bidez, ehuntzea idazketa poetikoarekin parekatzen du artistak, XX. mendeko historiak zeharkatutako familia baten kontakizuna osatzeko.
Pauline Cholierrek (Grenoble, 2003), berriz, Korsika hegoaldeko familia-baserrira eraman du begirada Asfódelos ikus-entzunezkoan. Bere aitonari eguneroko zereginetan laguntzen dio bertan, kamerak haren eskuetan arreta berezia jartzen duen bitartean. Ingurune intimo horretatik abiatuta, praktika artistikoaren eta aitonaren jardunaren arteko harremana aztertzen du.
Alba de la Portillak (Iruñea, 1999) bere aitonarena izandako estudioaren aztarnetara jo du Ad hoc instalazioa sortzeko. Erakusketarako berariaz egindako lanean, estudioko elementu arkitektonikoak eta objektuak berreskuratu eta eraldatu ditu, artearen testuinguruan beste bizitza bat emanez.
Familia-harremanak ditu abiapuntu Iratxe Jaioren (Markina-Xemein, 1999) Desagertzen diren hitzen hiztegia lanak ere. Artistaren aita oroimena galtzen hasi zenean, bere munduari argazkiak ateratzea eta pentsamenduak idaztea proposatu zion Jaiok. Proiektuko filmean, aitak bere bizitzako uneak gogoratzen ditu eta idatzitako oharren zatiak irakurtzen ditu ozen. Horrela, memoria, ondarea eta pertsona baten barne-mundutik geratzen denaren inguruko elkarrizketa sortzen du lanak.
Victor Forniesek (Zaragoza, 1972) Ezintasuna aurkeztu du, Clara, Isabel eta Adrian protagonista dituen hiru bideoz osatutako lana. Norberaren irudiaren behaketatik abiatuta, hautemateari eta nortasunari buruzko hausnarketa egiten dute protagonistek, arreta belaunaldien arteko dimentsioan eta mundu bisualean hazitako gazteengan jarrita.
La Comunidad Sanguinea taldeak —Elisa Lozano, Juan Vallaure eta Jorge Vallaure— Margolanak 2016-2026 aurkeztu du. Olio-pinturen bildumak Mediterraneoko etxe batean tarteka bizi den familia baten hamar urteko bizitza eta haren inguruan hazten den natura jasotzen ditu. Hirurek elkarlanean egiten dituzte lanak, ikuspegi desberdinetatik iruditeria komun bat osatuz.
Zinema eta jarduera osagarriak
Erakusketatik kanpo ere zabalduko da Mapamunditarrak programazioa. Iturramako Civivoxak, besteak beste, jatorrizko bertsioan eskainiko den hiru dokumentaleko zinema-zikloa hartuko du. Irailaren 15ean Zabou Breitman eta Florent Vassauten Le garçon proiektatuko dute; irailaren 22an, Camille Ponsinen La combattante; eta irailaren 29an, Claire Simonen Apprendre. Emanaldiak 19:00etan izango dira, eta sarrera doakoa izango da, aurrez izena emanda.
Arte garaikidea beste formatu batzuetatik lantzeko jarduerak ere izango dira. Alba de la Portillak Mistoen eraikinetik Arrotxapean duen lantegirainoko ibilaldia gidatuko du irailaren 25ean, eta hilaren 27an Irun & Ehundu lantegia egingo dute Laurita Silesek eta Joseba Edesak, Mutur Beltz proiektuaren barruan. Alexandra Baurès komisarioak erakusketara bisita gidatua eskainiko du urriaren 18an.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako programa propioa ere prestatu dute, La Chincheta Brunaren eskutik, erakusketara egindako bisitak eta lantegi praktikoak uztartuz.
La Caracola elkarteak antolatutako Mapamunditarrak programak 20 urteko ibilbidea bete du aurten. Urteurrena ospatzeko, sorkuntza kolektiboa eta belaunaldien arteko loturak jarri ditu erdigunean, memoria pertsonalak eta partekatuak abiapuntu hartuta.