(argazkia: EITB)

Jose Ramon Soroiz, Ana Diez, Alauda Ruiz de Azua, Aitziber Garmendia eta Alberto Gastesi sarituko dituzte Euskal Zinemaren Galan

Irailaren 22an Victoria Eugenia Antzokian egingo den galan bost zinemagileen ibilbidea eta lana aitortuko dituzte. Los domingos filmak ere EZAE Saria jasoko du, zinema-aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpen gisa.

Euskal zinemako hainbat belaunalditako sortzaileen lana eta ibilbidea aitortuko dituzte irailaren 22an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo den Euskal Zinemaren Gala Handian. Zinemira, Euskadiko Filmategiaren, GIDOI + SGAE, EAB Distira eta EITB Egile Berriak sariak banatuko dituzte, eta Los domingos filmak ere EZAE Saria jasoko du.

Jose Ramon Soroiz aktoreak jasoko du Zinemaldiak eta EPE IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Independenteen Elkarteak ematen duten Zinemira Saria. Lau hamarkadatik gorako ibilbide profesionala eta euskal zinemaren garapenean eta sendotzean egindako ekarpena aitortuko dizkiote.

Ana Diez zuzendari nafarrak, berriz, Euskadiko Filmategiaren saria jasoko du. Lehen aldia izango da Filmategiak bere sari historikoa Euskal Zinemaren Galaren barruan emango duena. Aitortza Ander eta Yul (1989) zaharberritu ondoren iritsiko da. Diezen lana euskal industrian emakume batek zuzendutako lehen film luzea izan zen, eta zuzendari berri onenaren Goya Saria jaso zuen.

Alauda Ruiz de Azuak Euskal Herriko Gidoilari Onenaren GIDOI + SGAE Saria jasoko du Los domingos film luzean egindako lanagatik. Filmak 2025eko Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen. GIDOI elkarteak gidoiaren pertsonaien sakontasun psikologikoa eta egunerokotasunetik abiatuta eustea eta esan gabekoaren zama lantzeko modua nabarmendu ditu.

Los domingos bera ere sarituko dute ekitaldian. EZAE Saria jasoko du, zinema-aretoetara ikusle gehien eraman dituen euskal ekoizpena izateagatik. Filmaren arrakasta ez ezik, zinema-aretoetan euskal zinemaren alde egindako apustua aitortu nahi du sariak.

Aitziber Garmendiak, bestalde, EAB Distira Saria jasoko du. Euskal Aktoreen Batasunak aktorearen azken urteotako lanen bikaintasuna eta interpretazioarekiko zorroztasunez, talentuz eta konpromisoz eraikitako ibilbidea nabarmendu ditu. “Egindako bideari balioa ematen dion aitortza da, eta, aldi berean, hazten jarraitzen duen aktore baten etorkizunari begiratzen dio”, adierazi dute.

Belaunaldi berriei begira, Alberto Gastesi gidoilari eta zuzendari donostiarrak jasoko du EITB Egile Berriak Saria, sortzen eta sendotzen ari den euskal talentua aitortzeko. EITBk haren jakin-mina, sormenezko kezkak eta ikus-entzunezko eremu berriak esploratzeko etengabeko nahia nabarmendu ditu. “Alberto Gastesi saritzea bere ahotsa aurkitu duen ibilbide bat aitortzea da, baina baita oraindik deskubritzeko duen guztiarekiko jakin-mina bere horretan mantentzen duen sortzaile bat ere”, azaldu dute.

Gaztañaga eta Gabarain, gala gidatzen

Miren Gaztañagak eta Ane Gabarainek aurkeztuko dute Euskal Zinemaren Gala Handia. Ekitaldia ETBk eta ETB ONek zuzenean eskainiko dute, baita aurretik egingo den ordubeteko alfonbra ere, euskal zinemako eragileen parte-hartzearekin.

Aurtengo galaren nondik norakoak EITBk eta Donostia Zinemaldiak euren arteko lankidetza-hitzarmena aurkezteko egindako agerraldian jakinarazi dituzte. Bi erakundeek Euskal Zinemaren Gala Handiari bultzada berria eman nahi diote, euskal zinemaren industria ez ezik haren atzean dauden gidoigintza, zuzendaritza, ekoizpen, banaketa eta talde artistiko eta teknikoen lana ere aitortzeko.

Zabaldu:

Utzi erantzuna