Kaskaroten eta bolanten bost mendeko historia bildu du Maritzulik Baionan

Maritzuli Konpainiaren Zeina erakusketak 120 jantzi bildu ditu Baionako katedraleko klaustroan, Lapurdiko kaskaroten eta Lapurdi eta Nafarroa Behereko bolanten bilakaera XVI. mendetik gaur egunera erakusteko. Jantziekin batera, formatu handiko argazkiak, lekukotasunak eta azalpen-testuak jarri dituzte ikusgai.

Kaskaroten eta bolanten bost mendeko historia ezagutzeko aukera eskaintzen du Maritzuli Konpainiaren Zeina: Kaskarotak, Bolantak, atzoko eta gaurko dantzariak erakusketak. Baionako katedraleko klaustroan jarri dute ikusgai, eta jantziak, dantzak eta lekukotasunak baliatuta, XVI. mendetik gaur egunera arteko ibilbidea egiten du.

Guztira, 120 jantzi jarri dituzte beste hainbeste manikitan, formatu handiko argazkiekin eta azalpen-testuekin batera. Maritzuli Konpainiak urteetan egindako ikerketa eta osatutako jantzi-bilduma ditu oinarri erakusketak, eta Euskal Herriko historiaren zati bat jantzien bidez kontatzen du.

Kaskarotak Lapurdiko dantzari tradizionalak dira; bolantak, berriz, Lapurdin eta Nafarroa Beherean errotutako dantzari enblematikoak. Erakusketak pertsonaia horiek denboran zehar izan duten bilakaera erakusten du, baina baita ohituraren gaur egungo jarraipena ere, belaunaldi desberdinetako dantzariek bizirik mantentzen baitute.

Zeina Maitaldia jaialdiaren karietara antolatu dute, Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean. Europako Ondarearen Egunekin bat eginez, erakusketa ezagutzeko bisita gidatuak ere egingo dituzte: irailaren 19an, 10:00etan frantsesez eta 15:00etan euskaraz, eta irailaren 20an, 15:00etan frantsesez. Leku kopurua mugatua izango da eta aurrez izena eman beharko da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna