(argazkia: GFA)

Zinekinek Donostiako bi ikastetxetako gazteak zinema sorkuntzara hurbildu ditu

Bideberri Institutuko eta Mendiola Ikastetxeko ikasleek hiru film labur sortu dituzte Zinekin proiektuaren laugarren edizioan. Ikasleek ikus-entzunezko lan baten prozesu osoa ezagutu dute, hasierako ideiatik, filmaketa eta azken emaitzara arte.

Zinema ikasteko, adierazteko eta aukera berriak esploratzeko tresna bihurtu du beste urte batez Zinekin proiektuak. Zaragüeta Zulaica Fundazioak 2023an abiatutako ekimenaren laugarren edizioan, Donostiako Bideberri Institutuko DBHko 3. eta 4. mailetako eta Mendiola Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek hartu dute parte.

Proiektuak ikus-entzunezko sorkuntza erabiltzen du egoera ahulean dauden pertsonen ikaskuntza, garapen pertsonala eta ahalduntzea sustatzeko. Urtero gazte talde berri bati zinema eta artea ezagutzeko aukera eskaintzea du helburu, horietan garapen pertsonalerako bide bat ez ezik, etorkizunerako aukera profesional bat ere aurkitu ahal izan dezaten.

Aurtengo parte-hartzaileek hiru film labur sortu dituzte, eta prozesuaren fase guztietan parte hartu dute, ideia lantzetik pantailara eramateraino. Istorioek, gainera, gazteen eguneroko errealitateetatik hurbil dauden egoerak dituzte abiapuntu.

El baño lanean, Alex ikasgelatik komunera joateko ateratzen da eta han hainbat esamesa entzuten ditu; entzundakoaren aurrean nola jokatu erabaki beharko du. El tiro del rap film laburrak, berriz, rapa, erritmoa, jolasa eta tentsioa eramaten ditu ikastetxera. Hirugarren istorioaren protagonista Lily da, bere dantza taldearekin ordu asko entseatzen dituen gaztea, egoera pertsonal eta familiar zail bati aurre egiten dion bitartean.

Zinekinen sustatzaileek ikus-entzunezko sorkuntzaren bidez gazteek beren gaitasunak ezagutu, hitz egin eta harremanak eraikitzeko espazio bat izatea dute helburu. Iñigo Garcia Bideberriko zuzendariak proiektuak azken urteetan gazteengan eragindako “ikaskuntza, loturak, ilusioa eta irauten duten esperientziak” ere nabarmendu nahi izan ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna