(argazkia: Euskaltzaindia)

Doluaren poesiari begiratuko dio Irailekoak jaialdiak Itsasun

Poesia-jaialdiaren laugarren edizioa irailaren 26an eta 27an egingo da Itsasun. Karine Etcheverry, Joseba Sarrionandia, Marikita Tambourin, Lierni Azkargorta, Ekhi Lambert, Odei Barroso eta Abdul Hadi Sadoun izango dira, besteak beste, hitzaldi, irakurraldi eta kontzertuetan.

Doluaren poesia zaharra izango du aurten abiapuntu Irailekoak poesia-jaialdiak. Laugarren edizioa irailaren 26an eta 27an egingo dute Itsasun, eta euskal poeten lana plazaratzearekin batera, beste herrialde batzuetako sorkuntzari ere egingo dio lekua. Aurten Abdul Hadi Sadoun idazle, irakasle eta itzultzaile irakiarra izango da nazioarteko gonbidatua.

Karine Etcheverry irakasle eta soziolinguistak irekiko du egitaraua larunbatean, Minaren oihuez, hitzez eta kantuez hitzaldiarekin. Erostaren edo heriotzaren aitzineko kanten bilakaera aztertuko du, 10:00etan, Sanoki aretoan. Ondoren, Peio Ospital eta Mixel Ducauren kontzertua izango da, eta eguerdian Marikita Tambourinek, Lierni Azkargortak eta Joseba Sarrionandiak poesia-irakurraldia egingo dute Gaineko plazan, Xabi Etxeberriren musikarekin.

Arratsaldean poesiak Itsasuko kaleetara egingo du jauzi. Hatsa elkartearekin batera antolatutako irakurraldi ibiltarian Auxtin Zamora, Juankar Lopez-Mugartza, Matxalen Bezos, Antton Kazabon eta Ainara Maiak irakurriko dituzte beren lanak, Beñat Axiari bidelagun dutela. Ekhi Lambert eta Odei Barrosoren kontzertuak itxiko du larunbateko egitaraua, 20:00etan, Atari aretoan.

Igandean, berriz, Luzien Etxezaharretak Abdul Hadi Sadoun elkarrizketatuko du. Sadounek 40 liburu baino gehiago itzuli ditu gaztelaniatik arabierara, tartean Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide eta Miren Agur Meaberen lanak. Eider Beobideren errezitaldiak emango dio amaiera jaialdiari, Ibantuta oud jotzailearekin batera. Maram al-Masri poeta siriarra parte hartzekoa zen, baina arrazoi pertsonalengatik ez da Itsasun izango.

Itxaro Borda euskaltzainburuordeak azaldu duenez, “Irailekoak jaialdian euskal poeten lana gizarteratu nahi da batez ere, baina beste bazter batzuetako poeten lana ahantzi gabe”. Jaialdiko ekitaldi guztiak libre eta doakoak izango dira. Euskaltzaindiak Itsasuko Herriko Etxearekin elkarlanean antolatu du egitasmoa, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna