(argazkia: Donostia Kultura)

Munstro, makina eta panpinek Okendoko Kultur Etxea hartu dute

Bitxikeria, munstro eta makinen kabinetea erakusketak Conflictivos Productions ekoiztetxearen 25 urteko ibilbidea biltzen du. Animaziozko zinemaren etxe valentziarraren stop motion lanen atzean dagoen sorkuntza-prozesua ezagutzeko aukera izango da azaroaren 4ra arte, Donostiako Okendo Kultur Etxean.

Plastilinazko panpinak, maketak, dekoratuak, storyboardak eta atrezzorako objektuak bildu dituzte Bitxikeria, munstro eta makinen kabinetea erakusketan. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Asteak Conflictivos Productions ekoiztetxe valentziarrari eskaini dio erakusketa, azken 25 urteetan stop motion teknikarekin sortutako unibertsoetan barrena egiteko.

Sam zuzendari eta ekoizlearen inguruan sortu zen Conflictivos Productions, animaziozko filmak egiteko asmoa zuten Arte Ederretako hainbat ikasleren elkarlanetik. Flora Cuevas taldean sartzearekin batera, lagun talde izatetik gero eta proiektu konplexuagoak egiteko gai zen ekoiztetxe izatera igaro zen.

Ibilbide horretan sortu dituzte Encarna (2003), The Werepig (2008), Vicenta (2010), Paralelos (2022), La valla (2024) eta El aspirante (2025) film laburrak, baita Pos eso (2014) film luzea ere, guztiak Samek zuzenduak. Fantasia, beldurra, umorea eta absurdoa izan dituzte bidelagun, baina urteekin bai estetika bai kontatutako istorioak aldatu dituzte.

“Estiloaren bilakaerarekin batera, tematika askoz gordinago bihurtu da”, azaldu dute ekoiztetxeko kideek. Azken lanetan kutsadura, arrazakeria edota multinazionalen gehiegikeriak bezalako gaietara hurbildu dira. “Erantzunak ematen saiatzen ez bagara ere, gutxienez galderak sortzeko gaitasuna izatea gustatuko litzaiguke”, adierazi dute.

Erakusketa azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai. Azaroaren 3an, gainera, Fran Sanchezen Conflictivos Productions, 25 años fracasando con todo éxito (2024) dokumentala proiektatuko dute Okendon. Beldurrezko Astean zehar, berriz, Samek berak gidatutako bisita bat egingo dute erakusketan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna