(argazkia: Zaldibarko Udala)

Zaldibarko euskara eta herritarren memoria berreskuratzeko ahalegina

Gaizka Zabartek eta Joseba Sarrionandiak Zaldibarko berbeta eta literatura: Zalduko urak liburua aurkeztu dute Pamiela argitaletxearen eskutik. Honetan, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arteko testuak bildu dituzte, Zaldibarko euskararen eta herritarren memoria berreskuratzeko asmoz.

Zaldibarko leku-izenak, kanta zaharrak, ipuinak, gerraurreko kronikak, euskarazko dokumentu ofizialak, gerrako testigantzak eta gerraosteko bizimoduaren kontakizunak bildu dituzte Gaizka Zabartek eta Joseba Sarrionandiak Zaldibarko berbeta eta literatura: Zalduko urak liburuan. Pamiela argitaletxearekin kaleratutako lana XX. mendearen hasieratik gaur egunera arteko testuen antologia da.

Herriko euskararen eta biztanleen memoria berreskuratzeko ahalegina egin dute egileek, idazle ezagun zein ezezagunen testuak eta ahozko ondareari lotutako materialak elkartuta. Mari Urrikeren eta bestelako pertsonaia beldurgarrien ipuinak edota Jose Luis Mendilibar futbol entrenatzaile zaldibartarrari buruzko kontuak ere aurki daitezke orrialdeetan. Iraganeko testuekin batera, gaur egungo Zaldibarko eskolako umeen ekarpenak ere jaso dituzte.

Liburuak herriko hizkuntzak azken bi mendeetan jasandako desplazamenduari ere erreparatzen dio. Egileen hitzetan, “Estatua bere indar guztiekin sartu zen Zaldibarrera, tsunami bat bezala, XIX. mendean batez ere. Olatu erraldoi hori areagotu egin zen, modu zitalean, XX. mendean. Eta oraindik ere hementxe dabil uholdea, bertako hizkuntza era batean edo bestean desplazatzen, ordezkatzen eta itotzen”.

Tokiko memoria berreskuratzea ez dute, ordea, munduari bizkarra emateko ariketa gisa planteatzen. “Lokala ala globala dikotomia faltsua da”, diote, eta inguruko lurra, paisaia eta erreferentzia kulturalak ezagutzea aldarrikatzen dute: “Ondo lokalak izanez gero gara benetan unibertsalak, zapaltzen dugun lurra eta inguruan hodeiertzeraino dugun paisaia ezaguturik”.

Zaldibarko berbeta eta literatura: Zalduko urak urriaren 7an aurkeztuko dute Zaldibarren, ospitaleko kaperan. Ez da ohiko liburu-aurkezpena izango: liburuan jasotako hainbat eduki eszenaratuko dituzte ekitaldian.

Zabaldu:

Utzi erantzuna