(argazkia: Taupa)

Mintzapraktika sarean egiteko aukera zabaldu du Taupak

Euskara praktikatu nahi dutenek aurrez aurre ez ezik, sarean ere osatu ahal izango dituzte Mintzapraktika taldeak ikasturte honetatik aurrera. Taupak izen-ematea zabaldu du Eman aukera elkarri lelopean, eta Euskal Herriko 80 herri ingurutan ere izango da aurrez aurre parte hartzeko aukera.

Euskara ingurune akademikotik kanpo eta giro informalean erabiltzeko aukera eskaintzen duen Mintzapraktika egitasmoak berrikuntza nagusi bat izango du aurten: taldeak sarean osatzeko aukera. Horrela, bere herrian talderik ez dutenek, aurrez aurreko saioetara joateko zailtasunak dituztenek edota atzerrian bizi diren euskaltzaleek ere parte hartu ahal izango dute.

Mintzapraktikak euskara ondo menderatzen duen pertsona bat eta praktikatu nahi duten lagunak elkartzen ditu, borondatez eta adostutako maiztasunarekin euskaraz aritzeko. Helburua hizkuntza epairik eta ebaluaziorik gabeko testuinguru batean erabiltzea da, hitz egiteko segurtasuna irabazi eta euskarazko harreman berriak sortzeko.

Aurrez aurreko taldeek ere jarraituko dute, Euskal Herriko 80 herri ingurutan. Sareko aukera ez dute horien ordezko gisa planteatu, eskaintza jende gehiagorengana iristeko bide gisa baizik; sarean aritzen direnek aurrez aurre antolatutako jardueretan parte hartzeko aukera ere izango dute.

Egitasmoa euskararen erabilera handitzeko erronkarekin lotu du Taupak. Euskalgintzaren Kontseiluko gainerako bazkideekin batera, datozen hamar urteetan euskalduntzearen erritmoa bikoiztea eta euskararen erabilera egungo %15,3tik %20ra igotzea jarri dute helburuen artean. Tauparen arabera, Mintzapraktikak hiztunei segurtasuna ematen die, euskara beren bizitzako esparru gehiagotara eramateko.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Interesa dutenek beren herriko euskara elkartera jo dezakete edo Mintzapraktikaren webgunean izena eman.

Zabaldu:

Utzi erantzuna