Euskadiko Filmategiak 2023an euskaraz eta gaztelaniaz kaleratutako Euskal emakume zinemagileak liburua ingelesera itzuli eta eguneratu dute. Maria Pilar Rodriguezek koordinatu du lana eta euskal emakume zuzendarien filmografia eta zinemagintzari egindako ekarpena aztertzen ditu, eta Peter Lang argitaletxe espezializatuak plazaratu du.
Euskal emakume zinemagileen ibilbideak eta lanak nazioarteko irakurle eta ikertzaileengana iristeko beste bide bat izango dute Basque Women Filmmakers liburuarekin. David Couryk eta Maria Pilar Rodriguezek egin dute ingelesezko itzulpena, jatorrizko edukia eguneratuta, eta Donostiako Zinemaldiaren barruan aurkeztu dute edizio berria.
Liburuak euskal emakume zuzendariek genero eta formatu desberdinetan egindako zinema hartzen du abiapuntu, ikuspegi akademikoa eta dibulgazioa uztartuta. Lau ataletan banatuta dago: ikuspegi globalak; generoak, formatuak eta moldaketak; ekoizpena, banaketa eta harrera; eta hiru emakume zinemagileri eskainitako atala. Azken horretan Ana Diez, Helena Taberna eta Yannick Bellonen ibilbideak aztertzen dituzte.
Dokumentalgileen begirada, Kimuak programaren ekarpena, nazioz gaindiko ekoizpenak eta literatura-lanen egokitzapenak ere jorratzen dituzte liburuko saiakerek. Horrez gain, emakumeek egindako zinemari ikusgarritasuna emateko elkarteek eta zinemaldiek egindako lana aztertzen dute. Hamazazpi egile espezializatuk parte hartu dute argitalpenean: Carlos Roldan Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, Maria Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernandez de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, Maria Pilar Rodriguez, Maria Jose Olaziregi Alustiza, Javier Sanchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutierrez, Elena San Julian, Pilar Martinez-Vasseur, Annabel Martin eta Luisa Etxenike.
Maria Pilar Rodriguezek nabarmendu du Erresuma Batuko eta AEBetako unibertsitateetan euskal zinema ikertzen duten taldeentzat tresna erabilgarria izan daitekeela ingelesezko edizioa. «Liburua eguneratu dugunean, pozez egiaztatu dugu nolako aurrerapausoak egin dituzten euskal emakume zinemagileek», azaldu du. Haren esanetan, edizio berriak emakume horien lanak publiko zabalago baten eskura jartzea eta euskal emakume zuzendarien presentzia nazioarteko eremu akademiko eta kulturalean sendotzea espero dute.
Peter Lang argitaletxeak plazaratu du Basque Women Filmmakers, Eusko Jaurlaritzaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin. Gizarte-zientzietan eta humanitateetan espezializatutako nazioarteko argitaletxea da, eta Lausanan (Suitza) du egoitza nagusia.