AEKren Praktikatu Zerbitzuak Eraman euskara praktikara kanpaina abiatu du 2026-2027 ikasturterako. Ohiko mintzataldeekin batera, mendia, eskalada edota irakurketa bezalako zaletasunen inguruko taldeak izango dira, baita gurasolagunak eta online aritzeko aukerak ere.
Euskara ikasteaz gain, egunerokoan erabiltzeko aukerak zabaltzea du helburu AEKren Praktikatu Zerbitzuaren kanpaina berriak. Irailaren amaieran eta urriaren hasieran hasiko dira berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak elkartzen, eta aurten ere hizkuntza praktikatzea askotariko jarduerekin uztartuko dute: “kafea hartzeko, pasieran ibiltzeko, yoga egiteko, tokian tokiko euskalkian aritzeko, txakurrarekin ibiltzeko, mundua konpontzeko, mendira joateko, musean jokatzeko, kakorratza egiteko, hitanoz jarduteko… Hamaika aukera izango dituzte”, adierazi du AEKk.
“Erabili ezean, ezagutza soila hankamotz geldi daiteke; bada, horixe da aurtengo kanpainaren gakoa”, azaldu du Praktikatu Zerbitzuko Koldo Mattin Agirregomezkorta Urangak. Euskara ikasten ari direnak euskaraz erraztasunez aritzen direnekin elkartzen dituzte programek, norberaren mailatik abiatu eta akatsak egiteko beldurrik gabe hizketan aritzeko. Agirregomezkortaren arabera, tokian tokiko hiztunen arteko sareak sortzeak “euskaldunon komunitatea indartzen” ere laguntzen du.
Bestalde, familientzako gurasolagun taldeak ere osatuko dituzte, haur eta helduek jolasen, eskulanen edo askarien bidez euskaraz egiteko. Horrez gain, azarotik aurrera online taldeak izango dira, eta 2027ko ekainaren amaieratik irailera udako taldeak antolatuko dituzte. Ikasturtean zehar, dinamizatzaileek mintzodromoak, sukaldaritza-tailerrak, bisita gidatuak, hitzaldiak eta bestelako jarduera irekiak ere egingo dituzte.
AEKren mintzapraktika programetan 10.000 lagunetik gora aritzen dira gaur egun Euskal Herriko 105 udalerritan. Ikasturte honetan Baztanen eta Azkainen jarriko dituzte martxan egitasmo berriak.
Programa guztiak doakoak dira. Parte hartzeko gutxienez 16 urte izan behar dira, eta euskara ikasten ari direnen kasuan, B1 maila edo goragokoa. Izen-ematea Praktikatu.eus atarian egin daiteke.