III. Karlistaldiaren amaierako Gasteizera eraman du David Perez Sañudok bere hirugarren film luzea. Antonio de la Torre eta Patricia Lopez Arnaiz protagonista dituen Sacamantecas atzo aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialeko Emanaldi Berezien barruan.
XIX. mendeko Araban kokatu du David Perez Sañudok Sacamantecas. III. Karlistaldia amaitzear dela, hainbat emakume itota agertzen dira Gasteizko kanpoaldean. Angela Berrosteguieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila hasiko da, eta Juan Diaz de Garayo nekazaria hilketen egilea dela frogatu nahiko du. Bien bitartean, Pio Pinedo aguazilen buruak gerra garaiko baliabide faltari eta hilketak ezkutatu nahi dituzten agintarien presioari egin beharko dio aurre.
XIX. mendean kokatuta egon arren, Patricia Lopez Arnaizek filmak gaur egungo gatazkekin lotura duela nabarmendu zuen aurkezpenean. “Emakumeen aurkako indarkeria sistemikoa bizitzen jarraitzen dugu, sistema matxista batean bizitzen jarraitzen dugu”, adierazi zuen. Haren ustez, beste garai batean kokatutako istorioak distantzia eskaintzen du, eta horrek orainaldia ikuspegi kritikoago batetik begiratzen lagun dezake.
Emakumeen aurkako indarkeria pantailan nola erakutsi ere izan dute eztabaidagai filma egiteko prozesuan. Perez Sañudok azaldu zuenez, Garayoren hazaña emakumeak hiltzea zen”, eta indarkeria hori ikuskizun bihurtzeko arriskuak zalantza ugari sortu zizkien: zenbat erakutsi eta, are gehiago, erakutsi behar ote zuten. Zuzendariak eta Sergio Granda gidoigileak, gainera, Garayoren figura baino gehiago, haren inguruko lurraldea eta garaia interesatzen zitzaizkiela azaldu dute.
Filma atzo aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian. David Perez Sañudorekin batera, Haizea Carneros, Josean Bengoetxea eta Antonio de la Torre aktoreak izan ziren aurkezpenean. Patricia Lopez Arnaiz ere izan zen prentsaurrekoan, aurten Sail Ofizialeko epaimahaikidea baita.
Sacamantecas Perez Sañudoren hirugarren film luzea da. Zuzendari bilbotarrak Ane estreinako filmarekin parte hartu zuen 2020an Zinemaldiko New Directors sailean, eta Irizar Euskal Zinemaren Saria eta Euskal Gidoigileen Elkartearen gidoi onenaren saria eskuratu zituen. 2024an Azken erromantikoak lanarekin itzuli zen New Directors sailera.
Sacamantecas Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan aurkeztu zuten, lehiaketatik kanpo, RTVE-EITB galaren barruan. Mundu mailako estreinaldia izanik, Irizar Euskal Zinemaren Saria eskuratzeko hautagaien artean dago.