(argazkia: AFA)

Gazte Arte eta Gazte Talent lehiaketek zabalik dute sortzaile gazteentzako deialdia

Ikusizko arteetan eta musikan ari diren gazteei zuzendutako bi deialdiak martxan dira Gasteizen. Gazte Artek urriaren 18ra arte jasoko ditu proposamenak, eta Gazte Talentek azaroaren 16ra arte; hautatutako gazteek beren lanak garatu eta jendaurrean aurkezteko aukera izango dute.

Gazte Arte eta Gazte Talent lehiaketetan parte hartzeko epea zabalik dago. Bi egitasmoak Sortzen gazteen sorkuntzarako programaren barruan kokatzen dira, eta diziplina desberdinetan ari diren sortzaile gazteei beren proiektuak garatzeko eta erakusteko aukerak eskaintzea dute helburu.

Gazte Arte 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, baldin eta Gasteizen edo Araban bizi, ikasi edo lan egiten badute. Pintura, eskultura, ilustrazioa, instalazioa, performancea, arte urbanoa, bideoa edo ehungintzako artea bezalako diziplinetako lanak aurkez daitezke. Lau proposamen aukeratuko dituzte, eta egileek Gasteizko Montehermosoko Ur Biltegian garatuko dituzte 2027ko urtarrilaren 2tik 8ra, publikoari irekitako tailer batean. Ondoren, emaitzak Jovellanos aretoan erakutsiko dituzte, urtarrilaren 28tik otsailaren 28ra.

Edizio honetan Montehermoso Kulturunea antolakuntzan sartu da, lehiaketaren diseinuan eta garapenean parte hartzeko. Hautatutako gazteek Mel Arranz eta Alba Tojo artisten laguntza izango dute sormen-prozesuan, baita aurreko edizio batean saritutako Ani Chkhartishvilirena ere.

Musikara bideratutako Gazte Talentek, berriz, hamabigarren edizioa izango du aurten. Araban eta Trebiñu Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko talde eta bakarlariek parte har dezakete. Sei proiektu finalista aukeratuko dituzte, eta bi sari nagusi banatuko dituzte, bakoitza 1.000 eurokoa. Horrez gain, 500 euroko bina accesit izango dira euskarazko proposamen onenarentzat eta emakumeen presentzia duen talde edo emakumezko bakarlari onenarentzat.

Aurten aukera berriak ere gehitu dituzte: Izaskun Arrue Kulturguneak egonaldi artistikoa eta mentoring-a eskainiko dizkio euskarazko accesita jasotzen duen proposamenari, eta Jimmy Jazz aretoak beste egonaldi bat emango dio sei finalistetako bati. Saritutako proiektuek Andre Maria Zuriaren, Araba Euskarazen eta San Prudentzio jaietako programazioetan parte hartzeko aukerak ere izango dituzte.

Gazte Arterako izen-ematea urriaren 18ra arte egongo da zabalik; Gazte Talenterako, berriz, azaroaren 16ra arte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna